Nafarroako Gobernuak 2014ko kirolari, kirol talde, federazio, zuzendari eta teknikari onenen sariak eman ditu eta Doneztebeko Erreka elkartea izendatu du Nafarroako kirol elkarte onena. Joseba Legarra presidenteak jaso zuen saria otsailaren 9an Iruñean, Yolanda Barcina presidentearen eskutik. Kirolarien artean, Juan Martinez de Irujo pilotaria eta Nerea Pena eskubaloi jokalariak jaso dute onenaren saria.
Kirol teknikari onenaren saria Joxe Bixente Eguzkitzarentzat izan da (Kick Boxing), kirol zuzendari onenaren saria Mikel Agirrek (Nafarroako Tenis Federazioko presidentea), Federaziorik onenarena Nafarroako Hipika Federazioak eta kirol talderik onenaren saria Movistar Team txirrindulari taldea. Gainera, hil ondoko saria ere eman diote Jose Luis Hernandez Pitxiri, Nafarroako kirolari egindako aportazioarengatik. Nafarroako 27 titulu eskuratu zituen Pitxik, salto eta jaurtiketa modalitate ezberdinetan eta prestatzailea ere izan zen.
ERREKAREN MERITUAK
Erreka kirol klubari dagokionez, epaimahaiak gogoratu du 1976an sortu zela Donezteben eta eskubaloia, pilota, erremontea, judoa, mendia, atletismoa, triatloia dantza eta kultur arloko sailak dituela. Eskubaloian, kategoria ezberdinetan sei talde ditu, eta kirol eskolak esku pilotan eta erremontean. Mendi taldeak, berriz, hilabetero ateraldiak egiten ditu. Gaur egun 445 bazkide ditu Errekak eta urteko aurrekontua 56.000 eurokoa da.
Errekako presidentearekin batera, zuzendaritza batzordeko Xanti Uterga, Pascual Bertiz eta David Mindegia, aitzineko zuzendaritzako Juan Telletxea eta Pablo Elizondo eta udalaren izenean, zinegotzia eta aldi berean urtetan Errekako judo eskolako arduraduna den Oskar Mindegia izan ziren ekitaldian. Errekatik aipatu dutenez, «jende aunitzen lan bikainaren ondorioa da saria. Gutti batzuk izan dugu aukera sari banaketan egoteko, baina hagitz argi dugu zuek guztiak zaretela saria irabazi duzuenak. Oraindik ere indar haundiagoz lanean segitzeko balio dezala sariak, gure nortasuna eta kirola ulertzeko modua aldatu gabe».