Ezkurrako historiaren istorioak paper gainera ekarriak

Fernando ETXEBERRIA 2015ko ots. 19a, 09:47
Xuri eta eder gelditu dira bazterrak. Fernando ETXEBERRIA

1606an ordenantza onartu zuen Udalak

Gehienetan albisteak eta berriak bidaltzen ditugu ttipi-ttapara, he­rri bakoitzeko gaurkotasuneko kontuak, baina tarteka gure arbasoen aipamena ere egiten dugu. Ezkurra, herri berezia liburuan bilduak daude horietako asko, baina datu berriak ere sartuko ditugu noizbehinka, gaur egungo jarduerekin batera.
 
Honela, 1606ko martxoaren 29an udaletxea bildu zen, kon­tzejal eta juradoekin, ordenantza bat zehazteko, “ordenanza para el buen gobierno de la república de Ezcurra”. Ho­rretarako, etxe bakoi­tzetik gizaseme batek joan behar izan zuen, ezkilen deiari erantzunez. Interes ekonomikoa nahiz etiko-erlijiosoa zuten bi gai zeuden eztabaidagai. Udaletxeak lanean segi ahal zezan, diru-sarrera nahiko izan behar zuen eta sarrera horiek basoaren aberastasunetik zetozen gehienbat. Beraz, ordenantza horietan udaletxearen baimenik gabe etxeak egiteko edo zaharberritzeko haritzak moztea debekatu zen. Isuna, udaletxearen eta salaketa jartzen zuen juradoaren artean banatuko zen, erdibana. Bordetarako taulak ere ezin zitezkeen egin, ezta sua ere belarra edo zuhai­tzak zeuden tokietan. Herri-lurretan ezin zitekeen iratzerik moztu iraila bitarte eta aurrez udaletxeari baimena eskatu behar zitzaion. Benetan partikula­rrak zirela egiaztatu arte ezin zitekeen lur-eremurik hesitu. Edozein salmenta egiterakoan, produktuaren pisua eta neurria kontuan hartu behar zen, salmentaren zati bat udaletxeari ordaindu behar baizi­tzaion. Azkenik, elizkizunak ospatzen ziren bitartean ostatuan jolasean ari­tzen zirenen gehiegikeriak saihesteko, erabat galarazi zuten mezak irauten zuen bitartean jendea tabernan egotea. Tabernetako nagusiek he­rrikoak nahiz kanpota­rrak aterarazi behar zituzten, bestela isuna ere jaso zezaketen. Garbi dago garai haietan udaletxeak eta elizak ha­rreman handia zutela, ordenantzan halako gai erlijiosoa sar­tzeko.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun