Hezkuntza Departamentuak orain zortzi ikasle eskatzen ditu eskola irekitzeko

Fermin ETXEKOLONEA 2015ko ots. 19a, 09:42

Emandako hitza ez du bete eta ezin izanen da heldu den ikasturtean berriz ireki

Urtebete zeramaten Zubietako gurasoek eta Herriko Etxeak lanean berriz ere eskolako ateak irekitzeko. Nafarroako Gobernuko Hezkun­tza Departamentutik aipatua zuten irekitzeko aukera bazela, bost matrikula izanez gero. Aspaldixko lortuak ziren bortz matrikula horiek 2015-16 ikasturterako, baina orain bost ez direla aski, zortzi behar direla aipatu dute. Hu­rrengo urteetan jarraipena izatea ere eskatu zuten Iruñetik eta 2016-17 ikasturterako lau haurren matrikulaziorako idatzizko konpromisoa emana zen. Baina hauek denak ez dituzte kontuan hartu eta egoera aldatzen ez bada, heldu den ikasturtean ere herritik kanpo ikasi beharko dute Zubietako haurrek, Iturenen eta Donezteben.
 
Ikuskari bat bidali zuten eskola zer baldin­tzatan zegoen eta zer obra behar zituen ikustera, eta nahiko iritzi ona eman zuen. Beraz, bazen berriz eskola irekia ikusteko itxaropena, baina orain zapuztu egin dute. Aurrematrikulazio garaia hurbiltzen zela eta seinalerik ematen ez zutelako deitu zuten udaletxetik Iruñera. Au­rrematrikulazioa hasi baino hiru egun lehenago ezetza telefonoz jakinarazi zion David He­rreros zuzendari nagusiak alkateari, uztailean emandako irizpideak aldatu zirela esanez. Gai honek ere haserrea piztu du he­rrian. Udalak ere ahobatez onartua zuen eskola berriz irekitzea eta aurrekontuetan diru-sail bereziak onartuak zituen eskolarako, Iruñetik eskatu bezala, baina azkenean deus ere ez. 
 
Malerrekako herrietako eskolek ere bere haserrea agertu dute Hezkuntza Departamentuaren erabakiarekin, idatzi baten bidez Zubietako eskola ireki­tzea eta Hezkuntza Departamentuak eskolak irekitzeko ezartzen dituen irizpideekin ez jolastea eta seriotasunez lan egitea eskatu dute. Gogorarazten dutenez, Nafarroako Parlamentuak Landa Eremuko Eskolen aldeko Dekalogoa onartu eta sinatu zuen eta bertan hartutako konpromisoen artean, “ikasle kopuru zehatz bat heltzean, eskolak ireki edo berrireki herriak eskatzen badu eta ikuspegi ekonomizistak baztertuz, he­rriak bizirik mantentzeko, eskolak zerbitzu publiko gisa ulertu eta etekin ekonomikoen gainetik  beharrezkoak diren inbertsioak egitea” ageri ziren.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun