Nafarroako Gobernuak 2014ko kirolari, kirol talde, federazio, zuzendari eta teknikari onenen sariak eman ditu eta Doneztebeko Erreka elkarteari egokitu zaio kirol klub onenarena. Sari hauek urtero banatzen dira eta horretarako Nafarroako Kirol eta Gaztediaren Institutuko, Miguel Indurain Fundazioko, federazioetako, unibertsitateetako eta kirol prentsako ordezkariek osatutako epaimahaia elkartu zen.
Saria otsailaren 9an jaso zuen Joseba Legarra presidenteak (Txibi Uterga, David Mindegia, Juan Telletxea eta Pablo Elizondoz osatutako ordezkaritza alboan izanda). Oskar Mindegia udal ordezkaria ere bertaratu zen.
Kirol klub onena izendatzeko aipatutako epaimahaiak Errekak 1976az geroztik izan duen ibilbidea kontuan hartu du: kirol jardueraren bultzatzailea izatea baita kultur arloko ekimenen bultzatzailea izatearena ere.
Hainbat zorion mezu bidali dizkiote taldeari eta klubak duen blogean bilduak gelditu direla. Batzuk aipatzearren: Ibai Mariezkurrena, Niko Mindegia, Ibai Meoki, Nafarroako Eskubaloiko federazioko lehendakaria…
Gaur egun Errekako gidaritzan daudenek aipatzen dute «sari hau jende anitzen lanaren merezitako ordaina dela eta indar handiagoz lanean segitzeko balio duela, gure nortasuna eta kirola ulertzeko modua aldatu gabe».
Zorionak lainoaren umeak eta heldu den urtean 40 urteko gailurra igotzera, ez da ez, marka makala!