Mikel Rodriguez lesakarrak Aratz. Begiradaren atzetik eleberria kaleratu du. Fantasiazko istorio bat izan du oinarri bere lehendabiziko lanean. Boteredun gizakiak, mendeku nahia, aske izateko beharra, espioen arteko kontuak... nahasten dira liburuko orrietan. Umetatik izan du fantasiazko liburu, komiki eta marrazkietarako afizioa eta argi zuen noizbait, zerbait idaztekotan bide horri helduko ziola. Marrazki bidez irudikatzea gustatuko litzaiokela ere aitortu digu «baina horretarako trebeziarik ez eta idatzizko nire bertsioa osatzen hasi nintzen». Bi urteko idazketa prozesuaren emaitza da orain liburudendetan dagoena, «presiorik gabe, niretzat idatzi nuen eleberria eta gero etorri zen argitaratzeko aukera». Abenduaren 12an Harriondoa Kultur Etxean aurkeztu zuen liburua.