Harrera beroa izan zuen, urtarrilaren 18an, Lesakako Harriondoa Kultur Etxean egindako ‘Gure esku dago’ ekimenaren aurkezpenak. Parte hartzaile eta ikusleen artean 100 lagun inguru bildu ziren Euskal Herriak duen erabakitzeko eskubidearen aldeko egitasmoaren aurkezpenean.
Eguerdiko 12etan eman zieten hasiera ekitaldiari Maite Bidarte eta Amaia Eneterrega aurkezleek. Dani Oiarbidek, Idiazabaldik etorritako gonbidatuak hartu zuen segidan hitza. Nazioen Mundua herri ekimeneko ordezkaria da bera eta beraien herriko esperientzia kontatu zien ikusleei. Ondoren, Lesakako Tantirumairu euskal folklore taldeak, Lesakako Trikitixa Taldearen laguntzaz, Dantza Zati bat ikuskizuna eskaini zuen.
Ekainaren 8an gizakatea
‘Gure esku dago’ dinamikak esku artean dituen ekimenen artean, ekainaren 8an Iruñea eta Durango batuko dituen gizakatea dago. Baztan-Malerreka-Bortziriak eskualdeko biztanleek ere beraien lekua izanen dute, 108. Km-an hain zuzen ere, Itza herrian. Katea osatu ahal izateko 400 lagun bildu beharko dira eskualdean. Lesakako hainbat ostatu eta komertzioetan izena emateko zerrendak jarri dituzte eta larunbatean bertan asko izan ziren izena eman zutenak. Gizakaterako motorrak berotzen hasteko, Eskuz Esku ekimena jarriko da martxan. Datozen egunetan hasi eta ekainera bitartean, Euskal Herri osoan zehar ibiliko da. Eskualdera lekukoa martxoaren 10ean iritsiko da eta hala, 16ra bitarte, erabakitzeko eskubidea ardatz hartuta kultur ekitaldi desberdinak antolatuko dira herritarren parte hartzearekin.