Azaroaren 2an egin zen Bortzirietako Euskaraz Bizi Nahi Dut Krosa Lesakan. Lehenik bertso eskolako ikasleek bertso pare bat kantatu zituzten. Gaur egungo eta garai bateko kirolariek adierazpena irakurri zuten: «Euskalariak ere izan nahi dugu gaur, hemen. Gaur eta beti. Euskararen kirola praktikatuz, hau da, euskaraz mintzatuz, haren kalitatea hobetuko da, erdarakada guttiago eginen ditugu eta erabilera desegokiak desagertuz joanen dira. Euskaraz mintzatzen garen heinean, euskara finduko da, behar ez dituen gizenak eta mitxelinak kenduko ditu» adierazi zuten.
Gero lasterketak egin ziren, kategoria eta distantzia ezberdinetan banatuak. Ondotik, patinete eta bizikleta akrobaziak ikusteko aukera izan zen plazan, baita Euskaraz Bizi nahi dut koreografia ere eta taloak dastatzeko eta materiala erosteko aukera arkupeetan.
Partehartzaile guziek bere diploma jaso zuten eta diploma horretan zeuden zenbakiekin produktu ezberdinen zozketan ere parte hartu zuten.