Irailaren 22an burutu zen Lesakan Beti Gazte elkarteak antolatutako mendi bizikleta ibilaldia. Ibilbide ez konpetitiboan 201 txirrindularik parte hartu zuten, batzuk 40 kilometroko ibilbidean eta bertzeak 60 kilometrokoan. Baina horretaz gain bertze 80 bat txirrindularik parte hartu zuten Euskadiko Txirrindularitza Federazioak antolatutako XCM txapelketan eta puntuak pilatu zituzten proba bakarra falta duen Euskadiko Openerako.
Konpetizioari dagokionez, aipagarria da Juan Carlos Garro beratarrak Euskadiko txapelketa lortu duela XCM Maratoi txapelketan, Master40 kategorian. Azpimarragarria garai batean profesional izan zenaren emaitza, hamar urte baitzeramatzan konpetitu gabe. Baina txapelketa Lesakan jokatuko zela jakinda, gogor prestatu eta garaipena eskuratu du, nahiz eta gurpila zulatuarekin helmugaratu, Openeko sailkapen buruan dagoen Martin Goikoetxea eta Tito Espadaren aitzinetik.
Master 30 kategorian ere, bertze bortziritar batek lortu zuen podiumera igotzea, Joxemari Goia igantziarra bigarren izan baitzen, Urko Munduateren gibeletik eta Eneko Gonzalezen aitzinetik.
Kategoria nagusian, elite mailan, Joseba Albizu izan zen irabazle eta emakumezkoetan Olatz Odriozola.