Tenperatuta baxuak eta giro umela iragarri dituzte gaurko eta biharko, baina Lesakan euria goiti-beheiti ari badu ere, jendea ez da etxean geratuko. Urte osoan itxaroten duten eguna baita feria eguna. Euritakoak hartu eta kalera. Ortzegunean izanen da egun handia, artisau erakusketa, aizkolariak, bertsolariak, azienda lehiaketa, pilota partidak eta dantzaldia izanen dira. Baina bezperan, azaroaren 28an, ere antolatu dituzte ekitaldiak.
Gaur goizean, bertze urteetan bezala, Irain eskolako jantokian Azoka Ttikia izanen dute 11:00etatik 13:00etara. Eskolako haurrak biharko feria egunerako trebatzen arituko dira. Arratsaldeko 18:00etan trikitilariek kalejira eginen dute eta, ordu berean, Beti Gaztek antolatutako ajoarriero lehiaketari hasiera emanen zaio Alondigako estalpean. Elkarteak 40 euro emanen dizkio bikote bakoitzari. Bi kilo bakailao ekarri beharko dituzte eta gas-sukaldea, kazula, zartagina eta behar dituen tresnak eramateko ardura ere bikote bakoitzarena izanen da. Antolakuntzak olioa, baratxuriak eta gatza jarriko ditu. Sariak sailkatutako lehendabiziko 3 bikoteei emanen zaizkie. Bukatzeko, proba ikustera hurbildu den jendeak, lehiaketan parte hartu dutenek egindakoa dastatu ahal izanen dute. Lagungarri, ardoa eta ogia banatuko da. Azken urteetan, gaztain erreen postua ere paratzen da eta giro polita sortzen da asteazken arratsean. Aurten gainera, kontzertuak antolatu dituzte. Haize Hegoan Askatu taldearen kontzertua izanen da 21:30ean eta Arranon Sutan taldeak joko du 23:30ean.
Ortzegunean egun handia
Baina dudarik gabe, ortzeguneko feria eguna izanen da egun handia, Nafarroako Erregeengandik 1499 urtean eskuratutako Bortzirietako feria eguna. Goiz osorako artisau erakusketa antolatu du San Fermin erretiratuen elkarteak Beheko Plazan. Azienda lehiaketan iazko sari beretsuak mantenduko dira. Behi-aziendei dagokienez, hiru kategoriatan banatuko dira, holandesak, suitzarrak eta haragitakoak eta bakoitzean hiru sari banatuko dira eta hobekien aurkeztutakoak ere txapela jasoko du. Zaldi aziendentzat eta aharientzat ere hiru sari izanen dira, kopuru ttikiagokoak. Plazan aziendak ikusgai dauden bitartean, 11:00etan aizkolariak ariko dira eta ondotik Sebastian Lizaso eta Amets Arzallus bertsolariak, Bortzirietako bertso eskolak antolatutako saioan. Plaza inguruan eta Bittiria karrikan hainbertze saltzaile ere izanen dira, beraien produktuak salgai dituztela eta horien inguruan hainbat jende bilduko da, eskaintza onen baten bila. Bazkalondoan, 17:30ean pilota partidak jokatuko dira eta 19:00etan dantzaldia izanen da Plaza Zaharrean Patxi Perezekin, Lesakan aurtengo udazkeneko feriak akautzeko.