Atez atekoa ezarri den tokietan, «herritarren arteko haserreak sortzen ari direla eta», Hiri hondakinen bilketa sistema ezberdinei buruzko eztabaida eta herritarren partehartzea bultzatzeko akordioak hartzea eskatu du PNVko udal taldeak.
Urriaren 5eko batzarrean hartu zuen udalak atez ateko sistema ezartzeko erabakia, Bilduren aldeko botuekin. PNVk zera eskatu du, «Bilduren alde bakarreko erabaki honen aitzinean, herritarrak behar bezala informatzea, atea atekoari buruzko herri kontsulta egitea eta gero, kontsultaren emaitza onartzea».
PNVren ustez, «Bilduk udaletxean duen gehiengo osoa nahikoa izan da, inolako eztabaidarik gabe, herritar guziei zuzenean eraginen dien hain erabaki garrantzitsua hartzeko». Atez atekoa ezarri den herrietan harrera «ez dela batera baketsua izan» dio PNVk, «eguneroko bizimoduko ohituretan aldaketa handia ekartzen duelako».
PNVren arabera, «familia bakoitzak zabor poltsak nahi duen orduan botatzeko askatasun indibiduala desagertuko da eta hondakin mota bakoitzerako estu-estu segitu behar den egutegiari egokitu beharko du, karriketatik gaur egungo edukiontziak desagertuko baitira, beirarentzako iglu berdeak izan ezik». Gainera, Etxegarairen arabera, «zabor organikoaren kasuan, egungo plastikozko poltsen ordez, kubo marroiak zintzilikatuko dira, horrek eraginen duen inpakto estetikoareki». Alde horretatik, «Lesakako estetikan eta hirigintzan eragin dezakeen edozein aldaketaren konpetentzia udalarena da eta ez mankomunitatearena».
PNVren ustez, beraz, garrantzi honetako gaia ezin da modu honetan ezarri eta atez ateko sistema jartzeko plana gibeleratzea eta informazioa ematea eskatu du.