Lesakan guttiago falta da 2013ko Sanferminetarako

Aitor AROTZENA 2012ko uzt. 11a, 15:44

Joxe Iturriak eta presoen senideek bota zuten txupinazoa eta Herriko Etxeak, Jose Mari Altzugarai Larrane eta Tomas Rekondo musikariak ere omendu nahi izan zituen. Aitor Arotzena

Bortz eguneko besta asteazken goizaldean bukatu da

Uztailaren 10ean ospatu zen bikoteen egunarekin eta uztailaren 11ko goizaldean kantatutako Pobre de Mi abestiarekin bukatu dira Lesakako Sanferminak. Batzuk asteazken goizera arte luzatu dute besta, baina dagoeneko bakar bakarrik «Guttiago falta da 2013ko Sanferminetarako» erraten ahal da.

Uztailaren 10ean ospatu zen bikoteen egunarekin eta uztailaren 11ko goizaldean kantatutako Pobre de Mi abestiarekin bukatu dira Lesakako Sanferminak. Batzuk asteazken goizera arte luzatu dute besta, baina dagoeneko bakar bakarrik “Guttiago falta da 2013ko Sanferminetarako” erraten ahal da.

Bezperako txupinazoa Joxe Iturriak bota zuen, 97 urteko lesakarrak eta Gernika eta Durangoko bonbardaketen lekuko izan zenak. Seme-alaben eta biloben laguntza izan zuen Iturriak Herriko Etxean. Iturriaren ondotik, herriko presoen senideek ere bota zituzten altxaferoak. Herriko Etxe barrenean, denentzat zapiak eman zituen Herriko Etxeak eta omenaldia egin nahi izan zien Tomas Rekondo eta Jose Mari Altzugarai Larrane musikariei ere. Bien bitartean, txistulariak, akordeolariak eta trikitilariak beraien kalejiretan hasi ziren eta haur ttikien danborrada ere abiatu zen musika bandarekin. Zabaleta dorrera ailegatzerakoan, azken 19 urtetan zuzendari izan den Pepitto Altzugaraik lekukoa eman zion Joxe Agustin Mitxelenari. Berak gidatu zuen danborrada hortik aitzinera.

Arratsaldean, Tantirumairu Euskal Folklore taldeak urteroko dantza erakustaldi bikaina eskaini zuen jendetza bildu zuen frontoian. Gero, bezperako danborrada ibili zen. Ortziral arratsean izugarrizko jendetza ibili zen Lesakako karriketan eta Landazelaietan eta herriko bertze berdegunetan hainbat lagunek akanpatu zuten.

Ikusi argazkiak

San Fermin Egunean ere jendetza ibili zen eta horien artean, nola edo hala ibili ziren ezpatadantzariak. Aurtengoan bortz berrikuntza zituen ezpatadantzari taldeak: Ander Maia, Martxel Rodriguez, Ekaitz Landa, Pablo Taberna eta Oier Iantzi. Berrikin batera, Pello Etxebeste kapitaina, Joseba Pikabea, Mikel Apeztegia, Iñigo Altzugarai, Ibai Bereau, Xabier Etxegarai, Xabier Maritxalar, Jon Otxoteko, Jon Alberro eta Josu Vazquez ibili ziren. Zubigainekoaren ondotik, Pello Apeztegia bandera dantzatu zuen. Handik plazara, Ziarkakoa dantzatzera eta berriz ere bandera dantzatzera, Herriko Etxera igo aitzinetik.

Ikusi argazkiak

Arratsaldean, mutilekin batera, neskak ere aritu ziren dantzan. Ainhoa Portu, Mattane Rodriguez, Nahikari Larralde, Estitxu Almandoz, Ane Igarzabal, Rakel Fagoaga, Miren Txoperena, Ioar Oteiza, Maddi Uranga, Iraia Etxabide, Itsasne Zelaieta, Naiara Altzugarai, Aitziber Maia, Izaro Telletxea eta Jone Taberna aritu ziren, Mutildantza eta Neskadantza dantzatzen. Pello Etxebeste kapitainak Rakel Fagoagari dantzatu zion Aurreskua.

Peñen Egunean, asteburuko jende oldearen ondotik, pixkanaka herritarrak hasi ziren protagonismoa hartzen. Goizean, peñen danborrada jendetsua izan zen. Tartean, hiru peña berri ere izan ziren: Hautoritura, Añarrak eta Eroxkak. Giro ederra izan zen danborradan, baita arratsaldeko peñen jautsiera jendetsuan ere.

Ikusi argazkiak

Hondarreko bi egunak, umeen eguna eta bikoteen eguna, lasaiagoak izan ziren, baina izan ziren ekitaldi ikusgarriak eta berriak ere. Honela, bi egunetan ttikienentzako entzierroak egin ziren egurrezko zezenekin. Haurren egunean, haurrak eta gurasoak elkarrekin ibili ziren tanborradan. Ikusi bideoa

Azken eguneko herri bazkarian ere jendetza bildu zen Eltzetako Plazan eta Txakaingo jautsieran lerro luzea osatu zen, batez ere gaztetxoenek musika bandarekin batera dantzatzeko ohitura hartu baitute. Beraz, errandakoa, Gaixoa Ni eta guttiago falta da 2013ko Sanferminetarako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun