97 urte ditu Joxe Iturriak. 1914ko Santa Zezilia egunean jaio zen Luberrondon, azaroaren 22an. Aita dagoeneko desagertua den baserri hartakoa zen eta ama Ontsalekoa, hau ere desagertua. Sei anai-arrebetan zaharrena, bortz senideak hiltzen ikusi ditu. Gaur egun Garaikomendiko Bideko Ezkuntzan bizi da. Lotsa pixko bat ematen dion arren, aurten Sanferminetako txupinazoa botatzeko aukera izanen du duela 75 urte Gernika eta Durangoko bonbardaketen lekuko zuzena izan zenak. Soldadokoa egiten ari zela, 22 urterekin, Errepublikako txoferra zen eta bere buru argiarekin garbi gogoratzen ditu une gogor haiek. «Lehenbiziko bonbardeoa Durangokoa izan zen (1937ko martxoaren 31n), gogorra izan zen hura ere. Handik kamioiarekin Gernikara joan eta hangoa ere suertatu zitzaigun, handiagoa oraindik (1937ko apirilaren 26a). Donostiatik eskapo heldu ginen, atzeraka-atzeraka eta Durango eta Eibar inguruan gelditu zen frentea. Durangoko frontoian egoten zen Donostiatik-eta ebakuatutako jendea eta han pilaka hil zituzten. Kamioiarekin hilak kanposantura eramaten aritu nintzen. Orduan, errepresalia moduan, kartzelan zegoen eskuineko jendea atera zuten, 12-14 lagun eta kanposantura eraman zituzten fusilatzera. Hura gogoan gelditu zait, bidean errosarioa errezatzen eta gibeletik fusileroak. Gernikatik gibelka-gibelka Bilbora joan ginen eskapo, gero Santanderrera eta azkenean Asturiasera, Villaviciosara, han hartu ninduten preso. Bi hilabete egon nintzen».
Asturiasko espetxealditik ateratzeko modua ere berezia izan zen, nazionalen bandoan zeuden hiru lesakarren laguntza izan baitzuen: «Fabrika zahar batean zegoen ‘campo de concentración’ –gogoratzen du–. Bizarra kentzen ari nintzen, ispilurik ez nuen eta barrika baten urari begira eta han ikusten ditut portaletik barrenera hiru gizon… Hurbildu zirenean ohartu nintzen lesakarrak zirela, Morronbaitako Doroteo Apeztegia, Luis Erkizia eta Martirreneko Prantxisku Oiartzabal, ni baino zaharxeagoak hiruak. ‘Koño! Goazen hemendikan!’ erran zidaten; ‘Nola joan behar diagu, ikusko duk guardiak…”‘ nik. ‘Ez dik inporta!’ haiek eta segidan bueltan ekarriko nindutela erran zioten guardiari. Bere superiorengana joan ziren, ezagutzen nindutela, nere familia reketé zela erranez, kriston gezurrekin… Azkenean behinpin, paper bat eskribitu eta sinatzeko, eskautzen banintzen beraiek kargu egiten zutela eta beraiek joanen zirela kartzelera erranez… Orduan papera egin behar eta inork ez jakiki papera egiten. Eskola gehientsuena neronek nuen, noski, eta neronek idatzi nuen libertadea ematen zidan papera eta eurek firmatu zuten. Kapitaina edo dena delako hari presentatu eta martxa! Gainera, bakoitzak bosna duro eman zidan, orduko dirua zen, eta betirako eskertua egonen naiz. Handik tren militarrean Irunera etorri nintzen, 3-4 egun bai… Goizaldera ailegatu eta Irunen inor ez ezagutzen. Han Arantzako Patziku Bergara taxista topatu eta Lesakara ekarri ninduen. Etxera ailegatu eta hura poza amak, hila nintzela errana baitzioten».
Baina ez ziren han gerrako gorabeherak bukatu Joxerentzat. Bizpahiru egun etxean gorderik eman ondotik, guardia zibilaren kuartelean aurkeztu, handik gerra aitzineko bere destinoa zen Loiolako kuartelera bidali eta handik Gasteizera, Junta de depuración delakora: «Komentu zahar batean kartzeleratuak izan ginen eta handik ateratzen gintuzten juntara eta han kriston palizak, egunero, hilabete batez igual bai. ‘Zergatik ez zinen Donostian gelditu?’ galdetu eta nik ‘ordurako Bilbo aldera ateriak ginelako’ eta, ‘Bilbon zergatik ez zinen gelditu?’, ‘Santanderrera ateriak ginelako’, aitzakiak paratzen. Behin ‘depuratuta’ Zaragozara bidali gintuzten trenean hiru lagun, ailegatu eta ez genuela kuartelean presentatu behar! Diru pixar bat bagenuen eta bi egun pasatu genituen juergan, diruak akautu arte, gero kuartelera. Zinera joan ginen batean, eta Nodoan Gernikako bonbardeoa… ‘La metralla roja ha deshecho Gernika’ erranez, eta gu han egonduak: ‘begizak, begizak, nola zabaltzen duen gezurra Franco zerri horrek’ erraten genion elkarri».
Zaragozan koronel baten txofer izan zen, gerraren ondorioz utzitako auto eta kamioiak berreskuratzen. «Txoferrak izaten genituen gasolina erosteko bale batzuk eta haiekin negozioan ere aritzen ginen, taxistei salduz… Kotxearen erremientak ere saltzen genizkien», dio lesakarrak. Hiru anai gazteagoak gerran zirelako lizentziatu zuten: «Zaragoza-Pamplona autobusa hartu nuen segidan. Tudelan gelditu zen ordubete afaltzeko eta han Lesakako Cecilio Etxeberria txoferra topatu nuen. Lizentziatu nintzela eta hark ‘egin behar diagu besta!’. Afaldu, autobusa joan… ‘Etzakela aputu!, nik eramanen haut kamioian!’, cognac botila hartu biderako eta Lesakara. Belaten guardia zibilaren kontrola, terriblea! Ceciliok ‘en comisión de servicio’ erran eta guardia zibilak ‘A sus ordenes’ eta segi! Nere denboran behin bakarrik mozkortu nintzen eta egun hartan izan zen. Lesakara ailegatu eta Romualdoren etxera (Kasino), han cognac edo anis botila erosi, hura itxi zenean Rekondoren panaderira eta handik Fonda Jaleora. Biurranako zubi hori mehar xamarra iruditu eta lau patatan pasatu behar izan nuen» dio irrika Iturriak.
Gazte denboran ezpatadantzari ere atera izan da Joxe Iturria eta juerga ederrak egina da herriko bestetan: «Zubigainekoa eta arratsaldeko dantzak orain bezala egiten ziren, igual-igual. Sanfermingo laugarrenean Txakaingo besta izaten zen. Gabaz ere egiten zen orduan besta suelto, gorputzak agoantatzen zuen bitartean. Albientea etortzen zen ostatuak ixtera, Mamurrogorri deitzen geniona, baina hura ere mozkortzen baitzen ardoa emanda! Ostatuak noizbait ixten zirenean, denak Fonda Jaleora, hark izena ongi paratua zuen! Jende zelebre aunitz biltzen ginen han, infernuko demonioa baino gaixtoagoak batzuk. Batixta Fraile joaten zenean, akabo! Airean denak. Amotrin izaten zen nagusia eta hau ohatzean lo zegoela, Batixta honek astoa bizkarrean hartu eta gainera bota eta ohatzea xehetua, ixkanbila ederra sortu zen!». Bertze egun bateko pasadizoa ere gogoan du Iturriak: «Plazako arratseko musika akautu eta neska laguntzera joan ginen Peruarango Eladio Altzugarai eta biok Arrupekobordara. Bueltarakoan galdu eta bidea ez harrapatzen inondik ere. Noizbait goiko zentralaren kanalea harrapatu genuen, kanalez kanal joan, tuberian beheiti pasatu eta ailegatu ginen herrira».
Orain bezala, lehen ere zezenak ateratzen ziren plazan eta baziren estu ibiltzen zirenak, Iturriak aipatu digunez: «Berako fabrikako ingeniero jefea, Angel Garin, bestetan gonbidatu zuen Herriko Etxeak. Zezenak plazan lasterka eta Txomineko ondo horretan, Don Diego Olaetxea medikuak erran zion Garin honeri, ‘goazen barrenera, ez gaitzatela xexen hauek harrapatu’ eta honek, ‘ez bazara mugitzen hauek ez dute kasurik egiten’. Etortzen da zezena, sartzen dio adarra galtzaren beheko ondotikan eta uzten du gizona kaltzontzilo zuri luze batzuk ageri!».