Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Industria, Lan eta Ingurumen Departamentuak, Bioaniztasunaren Kontserbaziorako Zerbitzuko Oihan kudeaketa atalaren bidez bigarren urtez antolatutako ”Zer da zuretzat basoa” obra plastikoen lehiaketan, lehen eta hirugarren sariak lortu dituzte Lesakako Tantirumairu ikastolako ikasleek.
Lehen Hezkuntzako lehen saria, 5. eta 6. mailako Kattalin Odriozola Muxika, Uxue Mesa Garmendia, Leire Igoa Apezetxea eta Irantzu Goienetxe Batiz ikasleek lortu dute, baina saria ikasgela guziarentzat izan dute. Zehazki, bi argazki makina digital eskuratu dituzte, bat klasearentzat eta bertze Maria Luisa Etxeberria tutorearentzat.
Lehen Hezkuntzako hirugarren saria, berriz, hirugarren mailako Manex Ramos Zumaldek lortu du eta hemen ere saria klase guziarentzat da, argazki kamera digitala.
Ekainaren 21ean jaso zituzten sariak ikastolan bertan. Iruñetik, Nekane Vizcay Urrutia etorri zen eta ikasleen lanak goraipatu zituen.