«Liburuaz gozatu eta segi euskara erabiltzen, zaintzen eta maitatzen!»

Aitor AROTZENA 2012ko urt. 11a, 14:00

Beñardo Goietxe, Marga Erdozain eta Joseba Larratxe «Josevisky». TTIPI TTAPA

Etxetik Plazara liburua argitaratu du IKAk abenduaren erdialdean eta mila ale atera dira, 10 eurotan salgai daudenak. Nafarroako mendialdean zabaldu da. Malerrekako eta Bortzirietako IKA euskaltegietako bi irakasle aritu dira liburuaren prozesuan eta laguntza ekonomikoa ezinbertzekoa izan da liburua argitaratzeko, «batez ere, mendialdeko Euskara Mankomunitateena. Horretaz gain, Nafarroako Kutxaren (Zuk aukeratu, zuk erabaki), Euskadiko Kutxaren eta Euskarabidearen laguntza ere» izan dute.

 

Nolakoa izan da Etxetik Plazara liburua egiteko prozesua?

Gure euskaltegiko lanaren tartetxoetan egin denez, bizpahiru urte kosta zaigu ahal bezain ongi moldatzea. Behin bilketa eta moldaketa lana eginda, Joseba Larratxe Josevixkyren marrazki eta diseinu xarmantek biribildu dute azken emai­tza.

Zein da Etxetik Plazara aldizkariaren helburua? Liburuak ere helburu bera du?

1994an sortu zelarik, euskara etxean eta paper gainean pixka bat lan­tzeko aukera ematea zen helburu nagusia, eta bereziki, euskaltegira etor­tzen ez ziren erdaraz ikasitako euskaldunengana hurbildu nahi genuen. Geroztik, euskararen egoera eta beharrak azkarki aldatu dira, baina oraindik ere bada euskaldun franko alfabeta­tzea deitzen den prozesua egin gabe duena. Segur aski, gaur egungo aldizkariaren jarraitzaile gehientsuenak ikasketak euskaraz egindakoak izanen dira. Hala ere, lehen bezalaxe, gure nahia irakurmena, idazmena eta gramatika ahalik eta arinen eta atseginen lan­tzen laguntzea da, beti ere, gure inguruko euskalkien eta euskara batuaren arteko zubi-lana eginez. Liburuak helburu berberak ditu, baina orri gehiagorekin. Jakina, gure lanaren funtsa erakusteaz gain, anima­tzen diren guztientzat, euskaltegirako zubi lana ere egin nahiko luke.

Orain arteko ale guztien bilduma da edo nolabaiteko aukeraketa egin duzue?

Bai, goiti-beheiti, orain arteko 125 aleetatik aukeratutako bilduma da atalka sailkatua. Liburua bortz ataletan banatua dago: Lan eta Lan (oinarrizko gramatika azalpenak eta ariketak), Irakurlan (gai ezberdinetako irakurgaiak eta lanketak), Esamolde eta Esaera zaharrak gaika lantzeko, Hi­tzak dantzan (irudi bidezko hiztegi lanketa) eta Jolas Nahas (denbora-pasak).

Euskara etxetik mugitu gabe lantzeko sortu omen zenuten Etxetik Plazara… Ez al da, alde batetik, euskaltegiarentzako kaltegarri?

Ez, gure ustez ez da kaltegarria, osagarria baizik. Dudarik gabe, aldizkaria eginez ezin dute ikasketa prozesurik osatu, horretarako euskaltegira etorri beharko lukete. Badira egile aunitz hasieratik zintzo ari direnak eta arrazoi ezberdinengatik euskaltegira etorriko ez direnak. Gainera, arestian erran bezala, jarraitzaile aunitz alfabetatuak dira jada, eta errepaso moduan erabiltzen dute. Ikasten ari direnek, tarteko mailetatik goiti, beti ere, klasekoa osatzeko erabil dezakete.

Zer izaten da zailena Etxetik Plazarako ale bakoitza osatzerako orduan?

Hainbertze aleren ondotik ezinezkoa da hainbat kontu errepikatu gabe izatea. Orain, lehen bezala, garaiaren araberako edo gizarte gai bati zukua ateratzen saiatzen gara, horren inguruko lanketak proposatuz. Jendeari, berriz, gehien kostatzen zaiona idaztea izaten da. Ariketa gramatikalak ere zailagoak egiten zaizkie ohituraren arabera. Hala ere, zerbait zaila eginez gero, etxeko guztien artean egiteko aukera dute. Hori da politena, denen parte hartzea.

Nolako erantzuna jasotzen duzue irakurleen aldetik?­

Kontuan hartuz Nafarroa­ko mendialde osoan banatzen dela, batez beste alero 100-150 egile izan ditugu azken urteotan. Ale bakoitzeko sariaren amutxoa ere hor dago, jakina. Sariaren eta bete beharreko lanaren arabera, harrera desberdina izaten du.

 

ETORKIZUNAZ ZALANTZA

«Geroa, zoritxarrez, diru-laguntzen baitan dago. Hori dela eta, joan den urtetik alea hilero atera ordez, bi hilero argitaratzen dugu. Nafarroako Gobernutik euskarari emaniko diru lagun­tzak dauden bezala eta egoera ekonomikoa ikusita, etorkizuna ikatzaren koloretsukoa ikusten dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun