Asier Lekuonak Citroen Saxo 1.6 bat gidatzen du. Iñaki Ubiriak kart bat. Ez dute elkarren arteko lehiarik izaten, baina gehienetan elkarrekin mugitzen dira, “Lesakan ez dagoelako motorrerako afizio handiegirik”. Beraiek baino ibilgailu hobe eta potenteagoen kontra lehiatu behar izan badute ere, gustora daude osatu duten denboraldiekin, beraien konpetizioetako sailkapen orokorrean podiumean akautu baitute.
Asier Lekuonak, Nafarroako zirkuituko Open Kopan hartu du parte. Proba gehienak Nafarroan izan badira ere, Aragoiko Alcañizen ere aritu da. Bortz asteburuetan hamar karreretan parte hartu du eta horietako bi irabazi ditu, bitan bigarren izan da eta bertze bitan hirugarren. Hain zuzen, erregulartasun horri esker lortu du bigarren postua, 1.600 zentimetro kubiko bitarteko autoei zuzendutako Clase 1ean. Citroen Saxo 1.6 bat gidatu du eta “ez dut inoiz 0rik atera, karrera guziak bukatu ditut eta hori ez da batere erraza, istripuak direla, aberiak direla… Erregulartasun horri esker lortu dut bigarren postua”.
Iñaki Ubiriak, berriz, kart dotore bat gidatzen du. Euskadiko karting txapelketan parte hartu du hirugarren urtez eta orain arteko emaitzarik onena lortu du, hirugarren postuan sailkatuz KZ2 kategorian. Halere, nafarra izanik, bada emaitza hori errekurritu duenik. Iñakik umorez hartu du: “Orain dela hiru urte hasi nintzenetik denek bazekiten nafarra naizela, baina orain arte ez da arazorik izan, ez nintzelako aitzinean ibiltzen. Orain, podiumean sartu naizenez, hasiak dira bueltaka, baina niri berdin zait”. Iñakik Gueñes, Villarcayo, Olaberria eta Urantzia-Los Arcosko zirkuitoetan eta Zumarragako zirkuito urbanoetan egindako karreretan parte hartu du eta irabazterik izan ez badu ere, bere kasuan ere erregulartasuna izan da hirugarren postua eskuratzeko giltza: “Nik ere ez dut 0rik egin, karrera guziak bukatu ditut eta ni baino piloto eta kart hobeak gibelean uztea lortu dut”. Banaz bertze orduko 140 kilometro hartzen dute kart apal hauek, “baina zirkuitoren batean 170 kilometro ere hartzen ahal dira eta hain beheiti zaudenez, abiadura sentsazioa ikaragarria da” dio Ubiriak.
Lesakako bi pilotoak gustora daude izandako emaitzarekin, baina heldu den denboraldiari begira eta horretarako garai zailak direla jakin arren, laguntzaile edo patrozinatzaileren bat beharko dutela azpimarratu dute. “Karrera dugun asteburu bakoitzean 1.200 bat euro joaten dira eta hori, karrera egunean zuzenean joanda. Aitzineko egunetik joan eta entrenatu nahi baduzu, afaldu, gaua pasatu… goiti egiten du aurrekontuak”.