EAJ-PNVko udal taldeak udal batzarrean mozio bat aurkeztu zuen kultur etxea eta liburutegiaren proiektuaren inguruko erabakiak geldirik daudelako. Jose Luis Etxegarai zinegotziak zioenez uztailaren 1ean egindako bileran udalak eta proiektuaren egileek aldaketa batzuk proposatu zituzten, «2003ko aurkezpenarekin antzekotasun gehiegi dutenak». Etxegaraik oroitarazi du bilera horretan egin ziren proposamen gehienak «aztertuak, eztabaidatuak eta atzera botatakoak» izan direla. Bertzeak bertze, fatxadako materiala, berogailu mota edo biltzen diren harmailak jartzearen proposamenak.
Hori dela eta, EAJtik adierazi nahi dute proposatu diren azken aldaketek «ez dutela sobera hobetzen kultur etxearen proiektua eta Nafarroako Gobernutik proiektua onartzea aunitz atzeratuko» litzatekeela.
Espainiako Gobernuak emandako dirulaguntzaren inguruan ere kezka azaldu du PNVko udal taldeak. Kultur etxearen eraikuntza behar baino gehiago gibeleratzen bada ezerezean gera daitekeelako 3.600.000 euroko dirulaguntza, «ez baita subentzio arrunta, kaduzitate-data izan dezakeen negoziazio baten emaitza baizik». Arrazoi hauek tartean, EAJk udalari herriko kultur elkarteekin bilera bat egin dezan eskatu dio, proiektuaren egoera azaldu eta zer egin aztertzeko. Kultura Departamentuarekin harremanetan jartzea ere eskatu dio, behar diren baimenak lehenbailen lortzeko. Proiektuan aldaketak egin behar badira erabakiak lehenbailen hartzea ere eskatu du.