Jose Luis Etxegarai, Lesakako EAJko zinegotziak, Udal Plenoan mozio bat aurkeztu zuen kultur etxea eta liburutegiaren inguruko erabakiak geldirik daudelako. Etxegaraik dionenez uztailaren 1ean, ortzirala, egindako bileran udalak eta proiektuaren egileek aldaketa batzuk egiteko proposamena egin zuten eta 2003. urteko egoera berdinean daudela erran du.
Etxegaraik oroitarazi du bilera horretan egin ziren proposamen gehienak aztertuak eta atzera botatakoak izan direla. Bertzeak bertze, fatxadako materiala, berogailu mota edo biltzen diren harmailak jartzearen proposamenak.
Hori dela eta Lesakako EAJtik erran nahi dute egin diren azken aldaketek ez dutela hobetzen kultur etxearen proiektua eta Nafarroako Gobernutik proiektua onartzea asko atzeratuko litzatekeela.
Espainiako Gobernuak emandako dirulaguntzaren inguruan ere kezka azaldu dute. Kultur etxearen eraikuntza behar baino gehiago atzeratzen bada ezerezean gera daitekelako 3.600.000 euroko dirulaguntza.
Arrazoi hauek tartean, Lesakako EAJk udalari herriko kultur elkarteekin bilera bat egin dezan eskatu dio, proiektuaren egoera azaldu eta zer egin aztertzeko. Bigarrenik Nafarroako Kultura Sailarekin harremanetan jartzeko eskatu dio, behar diren baimenak lehenbailen lortzeko. Bukatzeko kultur etxearen proiektuan aldaketak egin behar badira erabakiak lehenbailen hartzeko eskatu dio.