Karroza desfile ikusgarriarekin bukatu ziren Lesakako inauteriak

Aitor Arotzena 2011ko martxoaren 8a

Gran National zaldi lasterketa ikusgarria izan zen Lesakako plazan, inauterietako astelehenean. Aitor Arotzena

Fraindarrak eta Goitarrak ere baserriz baserri ibili ziren

Giro ederrean joan dira aurten ere Lesakako inauteriak. Igandean goiz-goizetik Goitarrak hasi ziren Endara, Auzoberri, Zala, Katazpegi eta Nabaz aldeko ibilaldia eta gero, herrira jautsi ziren, kasik zakozarrekin batera ailegatuz plazara. Aurtengoan, 28 zakozar atera ziren musika bandarekin bere ibilbidea egitera. Lehenagotik, zakozar eta mairu ttikien kalejira ere ibili zen, giro ederrean.

Fraindarrak ere ibili ziren baserri auzoetan, Frain eta Otsango aldean astelehenean, herrira arratsean jausteko eta oraindik indarrez zeudenak Izotzaldea inguruan asteartean.

Asteleheneko karrozak ere ikusgarriak izan ziren. Plaza Tijuanako mexikar besta gisara jantzia zegoen, kantina eta guzi eta nahi zuen guziak bazuen bertako produktuak dastatzeko aukera.

Plaza inguruan, berriz, Grand National zaldi lasterketa ikusgai izan zen, 16 zaldirekin, etabertze hainbartze karroza eta mozorro ikusgarri ere izan ziren: ikastolak haurrendako ipuinen mundua plazaratu zuen, eta baziren nazien urpekontziak, pijo koadrillak, Ataungo talogileak irudikatu zituzten neska-koadrilla, arrantzaleak, Rocioko Feria, NASAko astronautak suziri eta guzi, erromatarrak…

Inauteria goibeldu zuen ekintza bakarra, larunbat goizaldean plazako aparkalekuko zaborrontziak eta informazio panela kixkali zituena. Inauterietan dena balio duela gaizki ulertu zuen norbaitek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.

Egin TTIPI-TTAPAren lagun