Zambra eta zazpi zubi botatzen hasiko dira aurten uholde arriskua saihesteko

Aitor AROTZENA 2011ko ots. 1a, 13:18

Espainiako Ingurumen Ministerioak ordainduko ditu 2,5 milioi euroko lanak

Kantabrikoko Ur Konfederazioak (CHC) urtarrilaren 18an aurkeztutako Inundabilidade Planak eskatuta, Zambra eraikina oso-osorik eta herriko zazpi zubi bota egin beharko dira, uholde arriskuarengatik. Horretaz gain, zenbait eraikuntza pro­iek­tu aldatu egin beharko dira eta erreka in­gu­ruan dauden zenbait lur ere desjabetu eginen dira, «toki batzuetan erre­kari 15 eta 23 metro arteko zabalera eman behar zaiolako», alkatearen erranetan.

CHC erakundeak aurkeztutako plana ezin da aldatu eta beraz, aurten bertan hasiko dira Zambra eta zazpi zubiak botatzen. Zehazki, oinezkoendako lau zubi botako dira eta autoek erabiltzen duten ber­tze hiru ere bai: «Beheko Errota ondokoa bota eta ez da berria eginen eta Legarbaratzea eta Xaturetxearen ondokoak bota eta zabalagoak eginen dira. Tomasenekoborda ingurutik industrialdera sar­tzen den zubiari, berriz, zabalera handiagoa emanen zaio eta horretarako, industriara bideratutako lur batzuk erabili beharko dira».

Bere garaian, Zam­bra eraikitzeko baimena zergatik eman zuten galdegin zioten zinego­tziek CHCko ordezkariei eta hauek, «orduko plana ez zela oraingoa bezain zorrotza» eran­tzun zuten. Zambra erosi eta bertze erabilpenen bat emateko aukera aztertu zuen Udalak 2006an, baina Inundabilidade Planak garbi adierazten du «fisikoki ezabatu» behar dela.

«Honek ez du bueltarik» aipatu digu Juan Fermin Mitxelena alkateak, «ez bada betetzen etxebizitzaren bat ere bota beharko litzatekeelako eta ezin izanen genuke konbentuan Kultur Etxearen proiektuarekin segitu. Onin erreka bideratu eginen da eta Landazelaiko garapen urbanistikoari dagokionez, errekatik 12-15 metrora urrundu beharko da proiektua».

Zambra eta zubiak botatzeko lanak eta izan daitezkeen kalteordainak (2,5 milioi euro ingur­u) Espainiako Ingu­rumen Ministerioak ordainduko ditu eta CHC erakundeak gainbegiratuko ditu «lehenbaile­­­hen» hasiko diren lanak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun