Herriko apezak, alkateak eta apez laguntzaileak osatzen duten Cornelia Lecuona Fundazioko Patronatuak ez du fundazio honen lur eremu batzuk ikastolaren handitze proiekturako bideratzeko beharrik ikusten, «eskariak ez duelako herriak dituen beharrekin bat egiten, kontuan hartuz fundazioak, D eredu bera eskaintzen duen Irain eskola publikoan 450 leku libre dituela gaur egun». Hori bai, Otxogorrienean behar diren moldaketa lanak egiten ahal dituela onartzen dio patronatuak ikastolari eta Tantirumairu «babestuz eta lagunduz segituko duela» dio Patronatuaren idatziak, baita 2015ean bukatzen den kontratua automatikoki bortz urteko epeetan luzatuko dela ere. Kontuan hartu behar da ikastolak eskaria egin zuela kontratua 30 urterako luzatzeko, hori baita 2015eko Nafarroa Oinez herrian egiteko eskatzen den baldintza eta eskari horren alde agertu zen ahobatez Udala azaroaren 27ko batzarrean.
Bertze aldetik, Fundazioko kideek «azken aldian jasandako ekintzak eta argitalpen faltsuak ez direla ulergarriak eta onargarriak» uste dute. Kartelak eta pintadak egiteaz gain, «joera politiko jakin bateko boletinean zuzenean patronatuko kide bat erasotzen zela» salatzen dute, »Torquemadaren jarraitzaile den apez batek herrian aukeratu behar diren hezkuntz ereduak hautatzea onargarria ez dela» baitzioen. Alde horretatik, patronatuak dio, «ez bakarka, ez taldeka ez dugula erabaki eta ez dugula erabakiko aukeratu beharreko hezkuntza-eredua eta eskubide hori gurasoena izan dadin lan eginen duela». Modu berean, Patronatuko erabakiak «ez dituela inolako ideologia politikok baldintzatuko» dio idatziak.