Giro ederrean joan dira asteburu honetan Lesakan Bittiria auzoko bestak. Ortziralean, txapelketekin hasi zen egitaraua. Bittiriako hirugarren trikitixa txapelketan lau bikote aritu ziren eta Miren Etxepeteleku eta Mikel Sanchez suertatu ziren txapeldun. Patata tortilla lehiaketan sei tortilla aurkeztu ziren eta Jone Ordokik eta Jon Garrok osatutako bikoteak lortu zuen lehen saria, bi lagunendako afaria. Askatu eta Arma, Tiro, Punk taldeek eskainitako kontzertuak ere ederki girotu zuen Bittiriako Plaza.
Auzoko korrikalariak lehian, artekari eta guzi
Larunbatean, Bittiriako Auzoko korrikalarien arteko apustuak sortu zuen ikusminik gehien. Bi hirukote erreleboka aritu zen, koxkor biltzen eta auzoan barna lasterka. Azkenean, urdinez aritu zen gazteen taldea (Beñat Saralegi, Mikel Apeztegia eta Martin Antzizar), nagusitu zitzaion zaharren taldeari (Juanen Saralegi, Aitor Mitxelena eta Roberto Rodriguez). Ikusle aunitz bildu zen eta animazioa jartzen lagundu zuen Diego Martinez artekariak ere. Joxe Angel Zubiriak bete zuen epaile lana.
Ondotikan giro ederra izan zen auzo bazkarian, Jon Maia, Josu Sanjurjo eta Mañukorta bertsolarien laguntzarekin.
Igandean haurrendako jokoak, ipuin kontalaria eta trikitixa jaialdia izan ziren, bestak bukatzeko.