Oninek alkatea salatu du «komunikazioa mozteagatik»

Aitor AROTZENA 2009ko aza. 3a, 09:08

Posta elektronikoaren sarbidea aldatu eta taldearen armairuko giltzak kendu dizkietela adierazi dute


Onin Udal Taldeak Juan Fermin Mitxelena alkatea salatu du, «komunikazioa mozteagatik eta informazio pribatua bortxatzeagatik». Deñe Abuin zinegotziak adierazi duenez, «Oninen informazioa eta paperak dituen armairua ireki eta giltzak eraman ditu, beraz, ez dakigu zer ikusi duen, zer eraman duen eta orain ezin dugu armairua itxi, edonoren esku dago gure dokumentazio pribatua». Horretaz gain, posta elektronikoaren sarbide­rako pasahitza ere aldatu diotela salatu dute, «komunikazioa moz­tuz». Abuinek erran duenez, legez, udal talde guziek leku bat behar dute bere dokumentazioak gordetzeko eta alkateak egin duena «informazio bortxatze delitua da». Foruzaingoa ibili zen joan den astean Herriko Etxean eta Oninek auzia epaile batek erabakitzea nahi du. «Alkate kargua hartu eta 10 egunez hau dena egin du, aski da!» diote haserre Oninetik. «Cornelia Lekuonaren aferan ondoriorik gabe atera zen Juan Fermin, baina hemen azkenera arte ailegatu nahi dugu». Aralarren babesa ere izan du salaketan.
PNVk, aldiz, Oninen akusazioak ukatu ditu eta «txosten teknikoek ez dugula inolako informazioaren usurpaziorik egin erakutsiko dute». Juan Fermin Mitxelena alkatea Deñe Abuinekin solasten saiatuko zela dio PNVren idatziak, baina «honek ukatu egin zuen, afera moldatzeko inolako intentziorik eraku­tsi gabe eta egoera su­rrealista bat sortuz, gobernu aldaketa baten testuinguruan gertaera normalak direnekin». Ordenagailuan nahiz armarioetan dagoen informazioa ez duela inork ikusi eta ukitu dio alkateak eta armarioko gil­tzak kendu egin dituztela, orain irekiak geldituko direlako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun