Nafarroako Gobernuak Interes Kulturaleko Ondasun izendatu du San Martin de Tours elizako organoa. Parrokiako organoa hagitz egoera onean dago. Zaragozako Roqués anaiek egin zuten 1891n eta 1950 eta 1951 urteen artean, Amezua y Cia lantegiak moldatu zuten. Pinu zurarekin eta metalezko tuboekin egina da eta adituen erranetan, «Roquéstarren organo erromantiko tipikoa da, kalitatezko soinu berezia duena». Modu berean, Nafarroako musikaren historiarendako tresna garrantzitsua omen da, «organistika eskola izan baitzen eta Etxebeste eta Taberna maisuek bertan ikasi zutelako». Teknikarien ustez, organoaren doinuak aditzeko San Martin elizaren akustikak ere aparteko kalitatea dauka.