Azkeneko hilabeteetan Lesakan hainbertze hauts harrotu duen Cornelia Lekuona Fundazioko lurren salerosketa kontratuen afera moldatu da. Duela aste pare bat, Juan Fermin Mitxelena alkate ohiaren eskariz, kontratuak sinatu zituen konstruktoreak hauek ez zutela balorik onartu zuen, zuzenbidean erabat deusez baitziren, nuloak alegia: Juan Fermin Mitxelenak ez zuen Fundazioko Patronatuaren botererik sinatu zituenean eta gainera, salerosketa kontratuko lurrak, berez, ezin ziren saldu. Honela, kontratua kitatua gelditu zen eta sinatzaileek ondotik edozein erreklamazio aurkezteari uko egin zioten.
Juan Fermin Mitxelena, Lesakako alkate ohia kontent agertu da afera moldatu delako azkenean. Berak aipatutakoaren arabera, bere hanka sartzea izan zenez, berak hartu zuen udal batzarrean azaroa moldatzeko konpromezua, “eta horrelaxe egin dut, inolako ondorio ekonomikorik gabe, ez udalarentzat ezta Fundazioarentzat ere”.
Soluzio honekin, gainera, bide judiziala saihestea lortzen da, horrek ondorio ekonomikoak izanen baitzituen Cornelia Lekuona Fundazioarentzat eta Tantirumairu ikastolarentzat.