Alkaiagan, asfaltoa ekoizteko lantoki berria muntatzeko baimena eskuratu du Orsak

ttipi-ttapa 2007ko ekainaren 15a

Eskuineko harrobi zaharraren barnean kokatu nahi dute lantegi berria ttipi-ttapa

Proiektuarekin ados ez dauden bizilagunak biltzen hasi dira egitasmoari aurka egiteko

Errepide bazterrean zuen lantegia hetsi eta urte bat beranduago, Orsak, asfaltoa ekoizten duen enpresak, lanleku berria ireki nahi du metro batzuk urrunago, harrobia izandakoaren barnean. Proiektua ez da auzokideen gogokoa izan eta, azpiegitura muntatzen hasi baino lehen, biltzen hasi dira egitasmoaren aurka egiteko.

Duela urte bat lantoki zaharra desmuntatu zuten eta tramiteak hasi zituzten Armasa izeneko lekuan paratzeko, harrobiaren barnean. Erdi mugikorra den lantokia martxan jartzeko baldintza batzuk bete beharko badituzte ere, muntatzen hasten ahal dira horretarako baimena eman baitie Lesakako Udalak.

Hala ere, proiektua ez da Alkaiagako bizilagunen gogoko. Harrobitik hurbil bizi den Jexux Tapiak erran digunez, lantoki zaharra 15 urtez jasan behar izan dute, eta ez dira prest esperientzia errepikatzeko. Bizilagun honek dioenez, jendea ez da ohartzen baina asfaltoa ekoiteko lantegi zaharra, lehen, etxeetatik izugarri hurbil zegoen, eta lekuz aldatuta ere, berria, berdin-berdin izanen litzateke. Alkaiagarraren arabera ez dira prest hainbat urtez jasan behar izan dituzten eragozpenak berriro jasateko.

Bestalde, Jexux Tapia ez dago batere ados udalak izan duen jarrerarekin, baimena eman baino lehen ez baitu bizilagunen iritzia jakin nahi izan. Horretaz gain, auzotik ateratzen dituzten hainbat aberastasunen ordainik ez omen dute ikusten ondotik auzoan. Neurri batean, baztertuak sentitzen omen dira.

Ikusiz Lesakako udalak kasu handiegirik ez diela egiten, elkarren artean biltzea erabaki dute Alkaiagako bizilagunek, eta hala, joan den igandean lehen bilera egin zuten. Jexuxek erran digunez arrakastatsua izan zen eta ia-ia auzoko etxe guzietako ordezkari bat bertaratu zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun