Joan dira bertze urte batez sanferminak eta urtero erraten den bezala, guttiago falta da 2007. urteko bestetarako. Goretti Etxegaraik, Beti Gazteko nesken izenean bota zuen txupinazoa, bestari hasiera emanez. Segidan, akordeolari taldeak omenaldia eskaini zien Rafael Sanjurjo eta Beñardo Iantzi soinulari beteranoei. Arratsaldez, urteroko jaialdia eskaini zuen aurten 25 urte bete dituen Tantirumairu dantza taldeak. Sanfermin egunean ohiko joan-etorriak egin zituzten ezpatadantzariek eta udal agintariek eta Zubigainekoa ikustera jende pila hurbildu zen. Arratsaldeko dantza saioaren aitzinetik, Herria Aitzinera plataformako kideek «Apartheid ez, dimisioak orain» eskatu zuten kontzentrazio batean. Peñetako kideek ederki gozatu zuten beraien egunean, gaua kanpotik etorritako bisitari oldeari utziz. Haurren eta Ezkonduen egun lasaiagoekin akautu ziren Sanferminak. Ostatu eta txoznetako itxiera ordutegiak zaintzen foruzainak ere ibili ziren eta isunen bat ere jarri omen dute.