Miel Joxe Lekuonak eta Jose Jabier Etxeberriak prestatu zuten ibilaldia eta bidean ondare bereziekin egin zuten topo, adibidez, Ozentzio ermitarekin, Arainburukoek diotenez, «eraikuntza berezia eta oso polita». Hori aski ez eta Oiartzunera iritsi bezain pronto, horma irudi batek bereganatu zuen denen arreta eta zer pentsatua eman zien: Defendatu beti pentsatzeko duzun eskubidea, oker pentsatzea bera hobe baita ez pentsatzea baino.
Lau ordu inguruko bueltaren ondoren, 12:30ean iritsi ziren Oiartzunera. Indarrak berreskuratzeko potetxo bat hartu eta Goizuetara bueltatu ziren Umore Ona elkartean Ximon Apezetxeak mimo handiz prestatu zieten bazkariaz gozatzera.