Oraingoan bai, emakumezkoen esku pilota profesionalak historia eginen du Madrilgo Beti Jai pilotalekuan

Ttipi-Ttapa

Madrilgo Beti Jai pilotaleku historikoan jokatuko dute VI. Plazaz Plaza txapelketako finalaren errebantxa, nahiz eta Barrokalek jokatuko duen Oskozen ordez.

Emakumezkoen esku pilotak beste urrats garrantzitsu bat emanen du urriaren 24an Madrilen. Ados Pilotako lau pilotarik Beti Jai pilotaleku historikoan jokatuko dute, euskal pilotaren historiari estuki lotutako agertoki berezi batean. Berez urri hasieran egitekoa zen jaialdia, baina orain eginen dute, hiru aste beranduago

VI. Plazaz Plaza Txapelketako finalaren errebantxa jokatuko dute Barrokalek (Oskozen ordez ariko da) eta Ruiz de Larramendik, Iturriaga leitzarraren eta Mendibururen kontra

Barrokal–O.R. Larramendi eta Iturriaga–Mendiburu izanen dira larunbatean 17:00etan hasiko den partidako protagonistak. Madrilgo Udalak eta Madrilgo Pilota Federazioak antolatutako egitarau berriak zortzi partida bilduko ditu urriaren 24an eta 25ean, eta larunbat arratsaldeko saioa emakumezkoen esku pilotari eskainita egongo da.

Hitzorduak esanahi berezia izaten jarraitzen du. Emakumezkoen esku pilota profesionala lehen aldiz iritsiko da Beti Jaiko kantxara, Ados Pilotak emakumezkoen pilota profesionalizatzeko eta agertoki berriak irekitzeko egiten ari den bidean beste urrats garrantzitsu bat emanez.

Beti Jai 1894an eraiki zen eta Madrilen zutik dirauen azken frontoi monumentala da. XIX. mendearen amaierako pilotaren historiaren lekuko izandako espazioan, gaur egungo emakume pilotari profesionalek euren lekua hartuko dute.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun