«Aranoko Kontsejupe taberna irekitzea aukera ederra da guretzat»

Ttipi-Ttapa

Yamileth Rodriguez eta bere alaba Aranoko tabernako atarian.

2025eko azaroan itxi zituen Aranoko Kontsejupe tabernak bere ateak. Hamaika hilabetez ez da salda edo ardorik zerbitzatu bertan. Eltzeak sutan eta edariak freskatzen jarri dituzte berriz ere. Yamileth Rodriguezek eta Alejandra alabak hartu dute tabernaren ardura: «gogoz, ilusioz hartu dugu proiektua. Herritarrei zein bisitariei jatekoak eta edatekoak eta elkartzeko gune goxo bat eskaintzea da gure asmoa».

Aitortu du ez zuela Arano ezagutzen, baina lehenbiziko inpresioa «oso ona» izan dela dio:  «asko gustatu zaigu herria, eta oso jende atsegina topatu dugu. Ongietorri goxoa egin digute». Herritarrak pozik nabaritu dituzte: «taberna berriz irekita ikusteko gogoz daude, hala esan digute, eta babes hori badugula sentitzea ederra da». Pixkanaka joanen dira martxa hartzen, «ikasteko gogoz gaude eta bezeroen eskaera eta proposamenak aditzeko gogoz». Bezeroak pozik badaude, guretzat ere mesede». Hasieran, Esther Legarretaren laguntza ere izanen dute «tabernan 25 urte baino gehiagotan aritu da lanean eta lasaitasuna ematen du hainbesteko esperientzia duen pertsona bat laguntzeko prest dagoela jakiteak». Asteazkenetik igandera irekiko dute taberna, «10:00etatik itxi arte. Hemen izanen gaituzue». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun