Leitzan ospatuko duten Animen Gauerako sarrerak ostiralean banatuko dituzte

Ttipi-Ttapa

Urri illuneren baitan, gaztaina biltzea antolatu dute arratsaldean. Leitzako Geltokitik abiatuko dira 16:30ean eta iluntzean, 19:00etan, Animen Gauerako sarrerak banatuko dituzte Plaza Zaharrean.

Animen Gauak iaz izan zuen arrakasta baliatuta, kutsu berezia eman nahi izan diote hilabete osoari eta Urri illune izenburupean, hainbat ekitaldi antolatu dituzte Leitzan. Heriotzari buruz hitz egin, beldurrak mahai gainean jarri eta hainbatetan tabu diren gaiei buruz hitz egiteko aukera eman dute antolatutako ekitaldiek. Ipuin kontaketa, solasaldia... egin dituzte eta ostiralean gaztainak biltzera joanen dira. Iluntzean, 19:00etatik aurrera, Animen Gauerako sarrerak banatuko dituzte Plaza Zaharrean. Dohainik izanen dira, baina pertsonako gehienez lau pase banatuko dituzte. Kamisetak ere egin dituzte aurten eta ostiralean jarriko dituzte salgai.

Antolaketa lanak erraztu eta jende pilaketarik ez sortzeko erabaki dute sarrerak banatzea: «iaz txanda batzuetan jende gehiegi pilatu zen eta hori ekidin nahiko genuke». Aurten, sei txanda osatzeko asmoa dutela aurreratu dute, «adin multzotan eta orduka banatuta». 

 

Urriaren 31n, 18:00etan hasiko da Animen Ibilbidea eta plaza girotuta egonen da ordu horretatik aurrera. Gaztainak ere erreko dituzte eta ikasbidaiarako dirua lortzeko postua ere jarriko dute ikasleek. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun