Lehen urrats sendoa eman du Alize Sagarduik lau eta erdiko txapelketan

Ttipi-Ttapa

Alize Sagardui goizuetarrak nagusitasunez gainditu zuen lau eta erdiko txapelketako lehen koxka, igandean Basaurin, Onintza Galdosi 22-7 irabazita.

Emakume Master Cup zirkuituko Lau eta Erdiko Master Laboral Kutxa txapelketa igandean hasi da Basaurin, inoizko parte hartzerik handienarekin, orotara 24 izanen baitira elite mailan jokatuko duten pilotariak, tartean Alize Sagardui goizuetarra, Nahia Bertiz sunbildarra eta Goiuri Zabaleta leitzarra, abenduaren 13an Mungian jokatuko den finalaren bila. Hain zuzen, Alize Sagardui goizuetarrak lehenbiziko kanporaketa gainditu behar zuen, Onintza Galdosen kontra eta nagusitasunez lortu zuen, 22-7 irabazita.

Goizuetarrak 22-7 irabazi zion igandean Basaurin Onintza Galdosi eta Ibarrolaren kontra jokatuko du datorren igandean Urnietan

Markagailuak irudika dezakeena baina partida ikusgarriago izan zen. Kontua da, saketik hasita, pilota biziago erabili zuela goizuetarrak, aurkaria frontisetik urrun ibili zuen denborarik gehienean eta tantoak dejadaz bukatzeko gaitasun handia erakutsi zuen. Galdosek utzi zuen detaile politen bat, batez ere airez sartzeko aukera izan zuenean, defentsa ona erakutsi zuenean, baina Sagardui koxka bat gainetik dago modalitate honetan.

Beste bi partidatan, Uxue Osesek 22-16 irabazi zion Irati Benitori eta Irati Betegik 22-11 irabazi zion Udane Ozaetari.

Urriaren 25ean, Urnietan, Aizane Ibarrolaren kontra jokatu beharko du Alize Sagarduik, Lopez de Okarizen kontra Osesek eta Ruiz de Infanteren kontra Betegik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun