Beti izaten da aldizkarian nabarmentzen den gai bat eta aurtengoan, frontoiaren bueltan osatu dute erreportaje nagusia. Goizueta pilotarien herria dela esan izan da beti eta Xalto aldizkarian bildutako kontuek agerian utzi dute hori. Herriko lau pilotari elkarrizketatu dituzte: Aritz Zubiri, Alize Sagardui, Iker Salaberria eta Beñat Apezetxea. Frontoitik kanpo ere bada zer kontatua eta Goizueta koloretan ekimenean parte hartu zuten herritarretako batzuekin ere elkartu dira. Goizuetara nola, zein asmorekin, nondik, noiz... iritsi ziren galdetu diete, baita zein den herrian egin dieten harrera ere.
Palestinako genozidioa ere izan dute hizketagai. Hashem Al Khalili, Goizuetarekin harreman estua duen palestinarra elkarrizketatu dute. Argazki zaharrei ere egin diete tokia eta bertsoekin, herritarrei egindako galdeketarekin eta beste hamaika konturekin osatu dute aldizkaria.