2024ko urriaren 18an antolatu zuten Goizuetan lehenbiziko ibilaldi osasuntsua eta ezinbesteko hitzordua bihurtu da dagoeneko 65 urtetik gorako herritarrentzat. Josune Eizmendi aritzen da gidari lanetan eta berak ateratako argazkietan ikus daiteke giro ederrean ibiltzen direla. Egokitutako ibilaldiak dira eta etxetik kalera ateratzeko aitzakia bat izan eta herriko beste adinekoekin elkartuta, kirola egin eta tarte goxo bat pasatzea da helburua. Jubilatuen etxean, 10:00etan elkartu eta handik eguraldiaren arabera batera edo bestera mugitzen dira. Itzulia 12:00 aldera bukatu eta bukaeran sorpresa izaten dute. Parte hartzeko baldintza bakarra 65 urtetik gora izatea da.