Festa giroan, baina helburu zehatz batekin elkartuko dira urriaren 17an Leitzan: «bularreko minbizia metastasikoaren ikerketa bultzatzea». 09:00etan Xabat Illarregik emanen dio hasiera festari eta 09:30ean hasiko da martxa solidarioa. Marea arrosa izan zen lehenbiziko urtean, urdina iaz, eta gris koloreko kamisetak jantzita ibiliko dira aurtengoan martxa solidarioko parte hartzaileak. Bi ibilbide antolatu dituzte: 7,5 kilometroko ibilbide luzea eta herri inguruan eginen duten ibilbide motza. 11:00etan bigarren eskuko jostailu eta baserritar jantzien azoka solidarioa antolatu dute, eta pintxoak eta kroketak ere jarriko dituzte salgai. 12:30ean kalejira hasiko da Leitzako fanfarreak, Iturengo eta Zubietako joaldunek eta erraldoien konpartsak girotuta. 14:30ean kantu bazkaria eginen dute eskolako jangelan eta bazkalondoan kantuak eta bingoa izanen dituzte. 19:00etan eginen dute Leitzako hainbat komertziotan eta Lesakako Pittin haur arropa dendan saldu dituzten boletoen zozketa. Ordu horretan, buruhandiak ere aterako dituzte. Festa zertxobait luzatzeko, 20:00etan bokatak eta kroketak jarriko dituzte salgai eta 20:30ean zezensuzkoa aterako da. Festari bukaera 21:00ak aldera emanen diete.