[ARGAZKIAK] Aresoko emakume artzainei omenaldi goxoa egin diete

Ttipi-Ttapa

Mendialdeko Azoka Ibiltaria eta Emakume Artzainen V. Eguna ospatu zituzten urriaren 11n Areson. Goizean goizetik kolorez bete zen herriko plaza eta omenaldietarako tartea ere hartu zuten. Baserri askoren «zutabe eta arima» direla esanez, oholtzara igotzeko gonbidapena egin zieten Mendialdeko 22 emakume artzain eta baserritarrei. Aipamen berezia jaso zuten Kari Caballero eta Esther Tolosa aresoarrek eta iaz zendu zen Geno Telletxea ere gogoan izan zuten herritarrek.

Mendialdeko Azoka Ibiltariak geldialdia egin zuen Areson eta itxura ederra hartu zuen herriko plazak. Inguruko nekazari, ekoizle eta artisauen produktuak erosteko aukera izan zuten herritarrek zein bisitariek. Jatekoa ere ez zen falta: taloak eta antxumea burruntzian erreta dastatzeko aukera izan zen.

Eguerdiko ordu batean hasi zen eguneko ekitaldi nagusia.  Jaione Olazabalek hartu zuen hitza eta Araitz, Betelu, Larraun, Goizueta, Leitza eta Aresoko emakume artzain eta baserritarrei egin zien oholtzara igotzeko gonbidapena. Txalo artean egin zuten oholtzarako bidea 22 emakumek: Goizuetako Mari Carmen Perurenak, Eider eta Laia Zugarramurdik, Mari Jose Osak, Maria Jesus Etxeberriak, Milagros Narbartek, Maria Angeles San Miguelek, Maite Domiñak eta Izaskun Ezkurdiak; Leitzako Miren Alduntzinek, Ana Beatriz eta Isabel Zabaletak, Aintzira Olaldek, Lourdes Sorronek eta Gotzone Sestorainek; Araizko Mertxe eta Maritxu Oterminek, Lorea Goikoetxeak, Izaskun Ezkurdiak eta Lourdes Alustizak eta Aresoko Esther Tolosak eta Kari Caballerok. Hainbeste urtean itzalean egindako lana, argitara ateratzea zuten helburu: «mota guztietako lanak egitea egokitu zaie eta beraiek izan dira baserri askoren zutabe eta arima». 

Transmisioak duen garrantzia irudikatuz, larrosondoa eman zion Laia Zugarramurdi goizuetarrak Aresoko Errandoneko Bordako Arhane Gurrutxagari. Denboraldiko gazta mozteko ardura Kati Caballerok izan zuen: «baserrian jaio, hazi eta bizitako emakumea. Baserriko lanak, etxeko eta zaintza lanekin uztartutakoa». Aresoko Udalak ere oroigarri bana eman zien Esther Tolosa eta Kari Caballerori. Segidan, Aresoko haur eta gaztetxoek agurra dantzatu zieten.

Geno Telletxeari omenaldia

Duela urte bete zendu zen Geno Telletxea ere gogoan izan zuten hitzordu berezi honetan. Zubietan jaio baina Olatxeta baserria zuen bizitoki. Xabat Illarregik prestatutako bertsoak abestu zituen Izar Algerok, herriko lagunek idatzitako testua irakurri zuen Ana Goñik eta gero, lore eskaintza egin zioten. Xalbadorren heriotzean abestiarekin, emozioak dantzan, borobildu zuten ekitaldia. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun