Ustekabean Ibai Soroa nagusitu zaio Iker Vicenteri Nafarroako aizkolarien lehen mailako kanporaketan

Ttipi-Ttapa

Nafarroako lehen mailako aizkolari txapelketaren finalean Donezteben ariko den boskotea, Lekunberrin lortutako postuaren hurrenkeran, ezkerretik eskuinera Ibai Soroa, Iker Vicente, Jon Rekondo, Txomin Amundarain eta Eneko Saralegi.

Nafarroako gizonezkoen lehen mailako aizkolari txapelketaren kanporaketa jokatu zuten larunbat eguerdian Lekunberriko plazan. Hamar aizkolari aritu ziren lehian, azaroaren 13an, Doneztebeko ferietan jokatuko den finalerako bortz txartelen bila. Horien artean, ustekabean, Arribeko Ibai Soroa nagusitu zitzaion Iker Vicente gaur egungo txapeldunari. Segundo bakarreko aldea izan zen bien artean. Hirugarren Jon Rekondo leitzarra izan zen eta Txomin Amundarain eta Eneko Saralegi ere finalean izanen dira. Oier Mitxelenak eta Iban Resanok, aldiz, maila galduko dute.

Jon Rekondo leitzarra hirugarren izan zen larunbatean Lekunberrin eta Txomin Amundarain eta Eneko Saralegi ere Doneztebeko ferietako finalean izanen dira

Ibai Soroak 17 minutu eta segundo bat behar izan zituen bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko enborra mozteko. Iker Vicentek, berriz, 17 minutu eta bi segundo behar izan zituen. Bertze hiru txartelak eskuratzeko lehia ere estua izan zen. Jon Rekondo leitzarrak 18 minutu eta 50 segundo behar izan zituen hirugarren postua eskuratzeko, Arribeko Txomin Amundarain laugarren izan zen (18.59) eta Errazkingo Eneko Saralegi bosgarren (19.09). Finaletik kanpo gelditu ziren hiru Kañamarestarrak, Julen seigarren (19.23), Oier zazpigarren (19.56) eta Xuban zortzigarren (21.27). Kanporaketako bi azkenekoek, Oier Mitxelenak (23.28) eta Iban Resanok (23.40), bigarren mailan jokatu beharko dute datorren urtean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun