Nola aurkeztuko zenuke zeure burua?
Baserrian bizi den emakume bat naiz. Mendian bizitzea gustatzen zaiona.
Zertan aritu zara azken urteotan?
Azken urte hauetan, baserriko lanaz gain, yogako irakasle izateko prestatzen eta lan egiten ere aritu naiz Hernanin eta Goizuetan. Aldi berean, xaboiak eta sendabelarrekin ukenduak egiten ditut.
Zein dira zure afizioak?
Mendi berriak ezagutu, bizikletan ibili, igeri egin, irakurri, abestu, dantza egin, gaueko izarrak ikusi, zilarrarekin bitxiak egin, lokatzarekin eskulanak egin…
Nola da Hernanitik Goizuetara bizitzera joatea?
Duela 30 urte etorri nintzen Goizuetara bizitzera. Mendian eta natura betean bizi nahi nuela oso argi neukan.
Goizueta +65 proiektuan ari zara lanean, zer da Goizueta +65?
Goizuetako Udalak jubilatuei eskaintzen dizkien jarduera eta tailer osasuntsuak dira. Konfinamendu garaian jende helduari etxetik ateratzera animatzeko sortu zena. Bi jarduera kudeatzen ditut: Lehena, yoga aulkian jarduera, astean bitan. Bestea, ostiral goizetan egiten da. Beroketa batzuk egin eta herriko bidegorrira ateratzen gara paseo bat ematera. Gero hamaiketakoa egiten dugu. Ludoteka tailerra ere egiten da Ainhoa Ansaren eskutik.
Zein da herrian bizi diren hirugarren adinekoen egunerokoa?
Uste dut herrian oso lasai eta kalitatezko zaintza daukatela. Denak ezagutzen dira eta ez dute bakardadea bizitzen. Elkarri laguntzen diotela esango nuke. Herri txiki bat zahartzaroa bizitzeko toki egokia dela iruditzen zait.
Zertan lagundu du Goizueta +65 proiektuak azkenengo urteetan?
Jende heldua etxetik atera eta elkartzera lagundu du. Fisikoa, burua eta animoa lantzen dute proiektu honi esker.
Proiektuak aurrera segitzea da helburua?
Uste dut proiektuak jarraitzea dela egokiena. Urtetik urtera jende gehiago animatzen hasten dela ikusten baita.
Zer da gehien gustatzen zaizuna Goizuetatik?
Natura zoragarriaz inguratuta dagoela.
Imajinatuko ez zenuen zure inguruko zerbait?
Lehen ez nuen imajinatuko gaur egun yogako irakaslea izango nintzenik eta gutxiago Goizuetan. Plazera da.