Emakume Artzainen Eguna eta Mendialdeko Azoka Ibiltaria antolatu dituzte urriaren 11n Areson

Ttipi-Ttapa

Iaz Goizuetan egin zuten Emakume Artzaien Eguna.

Urtetan isilean egindako lana aitortu eta omenaldia eskainiko diete herriko emakume artzainei eta baserritarrei.

Herriko plazak itxura ederra hartuko du urriko bigarren igandean: aitortza leku eta erakustoki izango da. Emakume Artzainen Eguna antolatu dute eta Mendialdeko Azoka Ibiltariak ere bertan egingo du aurtengo azken geldialdia. 

Goizeko hamaiketan irekiko dute azoka eta Mendialdeko nekazariek, ekoizleek eta artisauek jarritako hogeita bost bat postuetan denetarik erosteko aukera izango da ordu biak aldera arte: gazta, eztia, haragia, bitxiak, osagarriak... Jatekorik ere ez da faltako: taloak egin eta axuria burruntzian erreko dute. 

Omenaldia

Azokaren bueltan mugimendua espero bada ere, eguneko momenturik bereziena eguerdiko ordu batean izango da. Aresoko emakume artzain, baserritar eta gaztagileei omenaldia egingo diete. Urte hauetan guztietan egindako ekarpena aitortu nahi diete horrela: «urtetan isilean eta ezkutuan egon den lana aitortu, plazaratu eta eskertu». Antolatzaileek nabarmendu dute «baserrian, etxeko eta lurraldeko ekonomian, artzaintza kulturan eta bertako paisaia naturalean eta kulturalean duten garrantzia». Aurresku eta kantuen ondotik, oroigarriak banatu eta denboraldi berriko gazta moztuko dute. Mendialdeko beste herrietako artzainei ere festan parte hartzeko gonbidapena egin diete eta beraiek izango dira aresoarrei lekukoa emateaz arduratuko direnak. 

Plazaola Turismo Partzuergoak bultzatutako ekitaldiak dira eta Mendialdeko bederatzi udalekin eta Cederna Garalurrekin elkarlanean antolatzen dituzte.  Gainera, Habelarte baserritarren elkartearen, Araizko Zaporeak, LeitzEKO eta Bertatik Bertara kontsumo taldeen babesa dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun