Foruzaingoaren esku hartzea Pagozelai (A15) parean gertatu da berriki, patruila batek furgoneta bat geldiarazi zuenean, gidariak jarrera susmagarria zuela ikusi ondotik. Prentsara bidalitako oharrean zehazten dutenez, ibilgailuan bi gizonezko zihoazen, eta barrualdea miatzean, agenteek poltsa itxietan ezkutatuta aurkitu zituzten medikamentuak, ur izoztuko botilekin batera. «Sendagaiak hozteko erabili nahi zuten metodo hori». Ikerketak irekita segitzen du, «oraingoz ez baitakigu medikazioa zehazki nondik datorren, baina egiaztatu da ibilgailua Frantziatik zetorrela».
Gainera, furgonetaren gidariak emaitza positiboa eman zuen drogak detektatzeko proban, eta agenteek egiaztatu zuten «ibilgailuak IATa iraungita eta zirkulazio baimenean irregulartasunak zituela». Hori dela eta, «dagozkion salaketak» izapidetu dituzte.

Osasun publikorako arrisku larria
Foruzaingoak ohartarazi duenez, «jatorri zalantzagarriko medikamentu horien kontsumoak arrisku larriak dakarzkio osasunari. Ozempic sendagaiak kontserbazio baldintza zorrotzak, tenperatura kontrolatua (hoztea) eta farmazia kontrolpeko banaketa segurua eskatzen ditu. Modu klandestinoan garraiatzen denez, hotz-katea hausten da, eta horrek bere propietateak alda ditzake eta produktu arriskutsu edo ez-eraginkor bihur dezake».
Foruzaingoak herritarrei gogorarazten die «oso garrantzitsua dela edozein motatako botikak beti modu seguruan eta arduratsuan eskuratzea, baimendutako kanalen eta farmazia ofizialen bidez bakarrik, eta, horrela, medikamentuen benetakotasuna eta kontserbazio egoera egokia» bermatzen dela.