Goizuetako Goxali haur eta gaztetxoentzako aisialdi guneak bihar irekiko ditu ateak

Ttipi-Ttapa

Duela hamar urte Goxalin parte hartu zuten haur eta gaztetxoak.

Goxali berriz ere martxan jarriko dute 2026-2027 ikasturtean. Goizuetako eta Aranoko hiru eta hamalau urte bitarteko haur eta gaztetxoei zuzendutako aisialdi guneak urriaren 6an irekiko ditu ateak. Jolaserako, harremanak eraikitzeko, irakurketa eta eskolako lanak sustatzeko espazioa eskaintzen du, aisialdi aberasgarria, elkarrekintza eta garapen pertsonala bultzatuz.

Goizuetako Udalak, Goizuetako eta Aranoko guraso elkarteak, Xalto Eskolak eta Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko gizarte zerbitzuen mankomunitateko Prebentzio Programak elkarlanean antolatu dute eskaintza.

Helburu nagusia haur eta gaztetxoen sozializazioa eta aisialdi osasungarria sustatzea da: autonomia, sormena, ardura, integrazioa... landuz. Haur Hezkuntzako 1. mailatik DBHko 2. mailara bitarteko haur eta gaztetxoei zuzenduta dago, eta doakoa da. Bertara joan ahal izateko eskolan banatutako izena emateko orria bete behar zen irailaren 28a baino lehen. Aurtengo ikasturtean Goxaliren ekintzak Xalto Eskolako jangelan eginen dituzte. Ttikiek asteartetan: Haur Hezkuntzakoek 16:30etik 17:30era eta Lehen Hezkuntzako 4. mailara arte, 17:30etik 18:30era. Handiek, ostiraletan, 16:00etatik 17:00etara izanen dute espazioa erabilgarri.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun