«Komikietan denbora, espazioa eta soinua irudikatzen dira»

Ttipi-Ttapa

Zeruaren margolaria komikia kaleratu du Saioa Maritorena Etxeberria leitzarrak.

Saioa MARITORENA ETXEBERRIA, komikigile leitzarra.

Arkatza eskuan eta irudimena dantzan. Hamaika istorio marraztu izan ditu Saioa Maritorena Etxeberriak orri zuriaren gainean. Ttikitan hasi zen marrazten eta afizioa ofizio bihurtu nahian, Sorkuntza eta Diseinuko gradua ikasi du Euskal Herriko Unibertsitatean. Bertan aurkitu du artista bezala landu nahi duen bidea: «Komikigintzan sakontzeko aukera izan nuen eta ikusi nuen hori zela nire hizkuntza». Denonartean argitaletxearekin argitaratu du bere lehenbiziko lana: Zeruaren margolaria komikia.

Betidanik marraztu izan du Maritorenak: «Etxean, ttikitan, aitak asko erakutsi zidan. Bera ere marrazketan eta pinturan ibili izan da eta bere laguntzarekin eta Interneteko hainbat plataformari esker, asko ikasteko aukera izan dut». Geroztik, bere burua «marrazkilari bezala ezagutzen» ari dela dio, «inoiz amaitzen ez den prozesu bat dela esanen nuke».

Komikia euskarri

Sorkuntza eta Diseinuko gradua ikasi du Euskal Herriko Unibertsitatean eta bertan komikian sakontzeko aukera izan du. Ikasitakoa erakutsiz, uste okerrak zuzendu nahi izan ditu: «Jende askok komikia genero bat dela pentsatzen duen arren, argitu nahiko nuke teknikoki komikia medio bat dela, zerbait komunikatzeko euskarri bat. Komikiaren barruan milaka genero aurki ditzakegu, zineman edota literaturan gertatzen den bezala». 

«Sinplea den abiapuntu batetik oso lan konplexuak sor daitezke komiki bat osatzerakoan»

Jakin-mina

Bereizketa hori ulertu zuenean piztu zitzaion berari ere jakin-mina: «Ordura arte, genero konkretu batzuekin lotzen nuen komikia: abenturak, superheroiak, komiki tirak... Genero hauek ez ninduten erakartzen eta, ondorioz, komikiek ere ez». Ikasi zuen, ordea, komikia hori baino askoz gehiago dela: «Esperimentalagoa zen komiki batekin egin nuen topo, komikiaren hizkuntzaren alderdi guztiak esploratzen zituena, poesiara ere hurbiltzen zena». Komikiak duen ezaugarririk magikoena, «denbora, espazioa eta soinua irudikatzeko gaitasuna» dela ikasi du, «ia-ia paper batean pelikula bat sortzea bezala uler daiteke. Sinplea den abiapuntu batetik, oso lan konplexuak sor daitezke eta hori oso ederra iruditzen zait». 

«Komikiaren barrenean genero ugari lantzen direnez, edonork aurki dezake bere gustukoa»

Aukera zabala

Gainera, etengabe aldatzen ari den medio bat denez, «geroz eta autore gehiago» agertzen ari direla nabarmendu du, «oso lan interesgarri eta berritzaileekin». Horren zabalkundea egitea premiazkoa iruditzen zaio: «Jendea hor kanpoan zer dagoen begiratzera animatzen dut. Komikiaren barrenean genero ugari lantzen direnez, edonork aurki dezake gustukoa». 

Zeruaren margolaria

Irakurleek eskura duten aukera zabal horren artean dago Zeruaren margolaria komikia. Maritorenak argitaratu duen lehenbiziko lana da eta «ametsa bete» duela dio: «Kosta egiten zait nire bizitzako helburuetako bat lortu dudala sinistea». Prozesua bera oso ederra izan dela dio: «Ordu askotako lana izan da eta ez nuen lortu izanen, neure buruarengan konfiantzarik izan ez banu. Unibertsitateko irakasleen laguntza izan dut eta oso eskertua nago Denonartean argitaletxeak eman didan aukerarengatik. Eskerrak eman nahi dizkiot beste behin ere Unairi, Denonartean argitaletxeko editoreari».

Gogoetarako bidea

Zeruaren margolaria esku artean hartuta, lehen begiradan fantasiazko nobela grafiko bat dela ikusten da. Urtzi da bertako protagonista: «zerua margotzeaz arduratzen den langile bat. Egunero margotzen ditu egunsentiak, zeru urdinak eta gauak, guk zerura begiratzean ikusten ditugun berberak. Oso argi dauka bere betebeharra zein den, bere lanaren errutina jarraitzen du, eta honek eskaintzen dizkion momentu berezi ttikiez gozatzearekin aski du: ilunabarrak margotzearekin, adibidez. Gustuko du bere lana, edo hori da bere buruari sinetsarazi nahi diona». Eguneroko errutina horretan, hainbat zalantza sortuko zaizkio protagonistari: «Istorioan zehar Urtzik bere betebeharraren inguruan hausnartuko du, eta irakurleak ikusiko du nola, nahiz eta guztiz fantastikoa den mundu bat izan, protagonistak planteatzen dituen kezkak eta hausnarketak ez direla errealitatetik oso urrun gelditzen». Irakurleari galdera batzuk egiten dizkio: «Zer gertatzen da artista batek bere sormen askatasuna mugatuta ikusten duenean lanaren eta errutinaren ondorioz? Erraza al da beti gure ametsengatik borrokatzea?».

Misterioa

Irakurlearen jakin-mina pizteko, argitu beharreko misterio bat ere txertatu du kontakizunean: «lehenengo orrialdetik ikusiko dugu inoiz gertatu ez den zerbait ikusten duela protagonistak zeruan: ilargia karratua da. Urtzik zer gertatu zaion jakin nahi du, eta horretarako, bere lagun Ilazkirekin hitz egin beharko du, Urtzi zerua margotzeaz arduratzen den moduan, Ilazki ilargiaz arduratzen baita. Baina ez daki non dabilen, desagertu egin da. Ilargiaren misterioa argitzeko azken orrialdeetaraino itxaron beharko du irakurleak, eta bitartean beste pertsonaien lanak, protagonistaren bizipen batzuk eta batez ere, bere galderak eta hausnarketak ikusiko ditugu». 

Sorkuntza prozesua

Ilargi karratu horren ideia izan zen komikiaren abiapuntua: «Gauez paseatzen nenbilela, garabi batean zegoen kartel bat ikusi nuen urrutira. Forma karratua zeukan eta argiztatuta zegoen. Urrutitik begiratuta, gau ilunean, ilargi karratu bat zirudiela pentsatu nuen. Interesgarria iruditu zitzaidan ideia, eta idatzi egin nuen». 

Koadernoan gordea izan zuen ideia hori, egun batean forma eman zion arte: «nire koadernoan bozeto bat egin nuen, eta nolabait aurretik idatzitako esaldi horrekin bat egin zezakeela pentsatu nuen».  Bozeto eta esaldi motz horretatik abiatuta, istorioa idazten hasi zen, «gidoia eraiki arte. Behin istorioa idatzita, protagonista izanen zen pertsonaia garatu eta gainerako pertsonaiak eta paisaiak diseinatu nituen, komiki osoa marraztu arte».

«Arkatza eta papera erabiltzea, eskua askatu eta ideiak garatzeko modurik azkar eta eraginkorrena da» 

Teknika 

Komikia digitalki egin duela ere azaldu du, «Procreate programa erabiliz iPadean». Lan ia gehienak digitalki egiten dituela onartu duen arren, ez ditu arkatza eta papera alde batera utziak: «Nahiz eta egiten ditudan lan ia gehienak digitalki egiten ditudan, horren aurreko bozeto guztiak arkatza eta papera erabiliz egiten ditut, eskua askatzeko eta ideiak garatzeko modurik azkarrena eta eraginkorrena iruditzen zaidalako».  

Egilearen bereizgarria

Artista orok izaten du bere lanaren bereizgarria den ezaugarriren bat. Maritorenari berea zein den galdetutakoan, «galdera zaila dela» erantzun arren, aitortu du «gaia lantzeko erabili ditudan baliabideez gain, bisulki, lanaren bereizgarriak kolore paleta konkretu baten erabilera eta pertsonaien diseinuak» direla. Bada beste berezitasun bat ere; «pertsonaiek ez daukate ahorik.  Ez da arrazoi konkretu batengatik egindako aukeraketa izan, baina interesgarria iruditzen zait komikiaren hizkuntzan ahotsak globo baten bidez adierazten direnean, pertsonaiek ahorik behar ez dutela pentsatzea». 

Etorkizuna

Lehenbiziko lana kaleratuta, etorkizunean ere marrazten segi nahi du: «Ez daukat ideia konkreturik, baina oso argi daukat beste istorio bat sortu nahi dudala. Momentuz inspirazio eta dokumentazio fase oso goiztiar batean nagoela esanen nuke, beste autoreen liburuak eta komikiak irakurriz, pelikulak ikusiz, eta bozetoren bat edo beste eginez». Ikasten segitzeko asmoa ere badu: «irailean Bartzelonara joanen naiz, Ilustrazioa eta Ikusizko Narratiba izena duen master bat egitera.  Gustatzen zaidan guztia biltzen duen kurtso bat da, eta nire asmoa ahal bezain beste ikasi, mundu honetako jendea ezagutu eta proiektu berri bat garatzea da». Pauso hori emateak «bertigo handia» ematen dion arren, prest dago: «Nire ametsarekin jarraitzeko bide zuzenena dela pentsatzen dut. Horren ondotik zer etorriko den ezin dut jakin oraindik». 

«Ezinbestekoa iruditzen zait artisten lanei behar duten balioa eta garrantzia ematea»

Eskaera

Eta komikigintzak etorkizunik izanen badu, irakurleak izatea ezinbestekoa denez, deialdia ere egin du: «Jendea animatu nahiko nuke komikiak kontsumitzera, eta artea orokorrean, bizi dugun garai aldrebes honetan, ezinbestekoa iruditzen zait artisten lanei behar duten balioa eta garrantzia ematea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun