Mendiko bizikletarekin ibiltzea maite dutenek hitzordua zuten irailaren 26an Leitzan. 200 lagunentzat irekia zuten izena ematea eta eskaera handiagoa zela ikusita, 15 parte hartzaile gehiagotara zabaltzea erabaki zuten. Hala ere, «jendea kanpoan gelditu» zla aipatu dute antolatzaileek. Pozik daude izan duen erantzunarekin eta arrakastaren atzean «formatu berritzailea» eskaini izana dagoela uste dute: «parte hartzaile bakoitzaren esku utzi dugu erabakitzea LeitzEnduro probari zein zentzu eman nahi dion. Lasterketa eta martxa, formatu mistoa da proposatu duguna. Lasterketetan ibilbide guztia izaten da kronometratuta, martxetan bat ere ez eta oraingoan, lau jaitsieretako bat neurtzea erabaki genuen». Horrela parte hartzaileen perfila zabalagoa izan da: «lasai ibiltzen den jendea etorri da eta lehia gogoko duena ere bai».
Goizeko bederatzietan Leitzako plazatik atera ziren parte hartzaileak eta bertan jarri zuten helmuga. Bukaeran podiuma, opariak eta sari berezi batzuk ere banatu zituzten. Hemen duzue sailkapena ikusgai.