Animen Gaua ospatu zuten iaz, lehenbizikoz Leitzan. Heriotza erdigunean jarri eta isiltasun, iluntasun eta soinuekin jolasean aritu ziren urriaren 31n. Animen Ibilbidea antolatu zuten alde zaharrean barna, norberaren beldurrak dantzan jarriz. Arrakasta izugarria izan zuen proposamenak eta 300 pertsona baino gehiago elkartu ziren. Aurten, hilabete osoari kutsu berezia eman nahi izan diote eta Urri Illune antolatu dute. Animen Gaurako girotzen joateko hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Leitzako hainbat gurasok antolatu dute egitaraua, ALKEren, Denok Bat Guraso Elkartearen, Atekabeltzen, gizarte zerbitzuen eta Leitzako Udalaren laguntzarekin.
Urriaren 2an, 17:30ean, Sutondoko Ipuinak ipuin kontaketa antolatu dute Kornieta elkartean. Urriaren 16an, 18:30ean, Heriotzaz haurrekin hitzaldia eskainiko du Naroa Martinezek herri aretoan. Urriaren 23an, 16:30ean, gaztaina biltzea eginen dute Plazaolako Geltokitik abiatuta eta 19:00etan Animen Gauerako sarrerak banatuko dituzte plaza zaharrean. Urriaren 31n, 18:00etatik aurrera, Animen Gaua ospatuko dute. Azken hitzordu hau aurrera atera ahal izateko auzolanerako deia egin dute: «boluntarioak behar ditugu. Laguntzeko prest daudenek arimengaue@gmail.com helbidera idatz dezakete.