Urriko lehenbiziko larunbatean pestarako gonbidapena egin du Aurrera Kirol Elkarteak. Kirola eta kultura lotuz, egun osoko egitaraua prestatu dute. Txistularien dianarekin hasiko da pesta, 09:00etan. MTB taldekoek ere ordu horretan egin dute hitzordua. Bizikleta itzulia antolatu dute eta hamar urtetik gorakoek parte har dezakete. 10:00etatik aurrera kirolean aritzeko aukera izanen da plazan eta 11:00etan erraldoien konpartsak kalejiran aterako da gaiteroek lagunduta. 11:00etatik 13:00etara Aurrerako txirrindulari taldeak ginkana antolatuko du plazan. Norberak bere bizikleta eta kaskoa eraman beharko ditu. Ordu berean, Labetxeko atarian rokodromoa izanen da mendi taldearen eskutik. Plazako Pilota Txapelketaren errebantxa ere jokatuko dute 11:30ean plazan. Segidan, 12:30 aldera, Aurrerako dantzariek emanaldia eskainiko dute. Ondotik, kalejira eginen dute Incansables txarangarekin. 14:30ean, Aurrerako bazkideen bazkaria eginen dute karrapean eta bazkalondoan Ingurutxoa dantzatuko dute plazan. Segidan, Incansables txarangarekin eta Aurrerako buruhandiekin kalejira eginen dute. 21:30ean bazkide eta bazkaldarrentzat luntxa izanen dute. Pestak segida izanen du Joxe Mendizabal eta Zaze DJarekin.