'Lau haizeetara' film laburren proiekzioa antolatu dute Leitzan ostegunean

Ttipi-Ttapa

Aitor eta Izaro Arrutik Mintzo zen film laburrari buruzko argibideak emanen dituzte.

Udalbiltzaren Geuretik Sortuak programako azken edizioan osatutako lau film laburrak ikusteko aukera izanen da Leitzako Herri aretoan, 19:00etan. Ondotik, Mintzo Zen film laburraren zuzendariekin, Aitor eta Izaro Arrutirekin, solasaldia antolatu dute. Sarrera hiru euro ordaindu beharko da.

Euskal Herriaren luze-zabalean, lau haizeetara hedatzen diren istorioak bildu dituzte lau zinegilek Geuretik Sortua programaren aurtengo edizioan. Raul Barreras karrantzarrak Bitartean, gero izeneko lana osatu du Baztango bailararen txokoetan; Aitor eta Izaro Arruti anai-arrebek Mintzo zen film laburra sortu dute Elorrion izandako esperientziatik abiatuta; Olatz Ovejerok Larrabetzun oinarritu du bere Ikusi Makusi izeneko pieza; eta Alba Lozanok, azkenik, Zumaia izan du kokaleku Aho Beltza izeneko laburra sortzeko. Euskal Herria irudiz kontatzeko lau modu, edo lau haize-bolada fresko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun