Emakumezkoen esku pilota profesionalak historia eginen du Madrilgo Beti Jai pilotaleku historikoan

Ttipi-Ttapa

Madrilgo Beti Jai pilotaleku historikoan jokatuko dute bertze pilotaleku historiko batean, ehun urte bete dituen Erratzuko Gorostapolokoan, jokatutako VI. Plazaz Plaza txapelketako finalaren errebantxa.

Emakumezkoen esku pilotak beste urrats garrantzitsu bat emanen du urriaren 3an Madrilen. Ados Pilotako lau pilotarik Beti Jai pilotaleku historikoan jokatuko dute, euskal pilotaren historiari estuki lotutako agertoki berezi batean.

VI. Plazaz Plaza Txapelketako finalaren errebantxa jokatuko dute Oskozek eta Ruiz de Larramendik, Iturriaga leitzarraren eta Mendibururen kontra

Oskoz–O.R. Larramendi eta Iturriaga–Mendiburu izanen dira larunbatean 18:30ean hasiko den partidako protagonistak. Bi bikoteek duela gutxi neurtu zituzten indarrak Ados Pilotak antolatutako Plazaz Plaza txapelketako finalean, mendeurrena ospatzen zuen Gorostapoloko frontoian eta Madrilgo hitzorduak final hartako errebantxa ekarriko du.

Oraingoan, ordea, markagailutik harago doa partidaren esanahia. Emakumezkoen esku pilota profesionala lehen aldiz iritsiko da Beti Jaiko kantxara, emakume pilotarientzat eta Ados Pilotak azken urteotan egindako bidearentzat mugarri berri bat ezarriz.

Hitzorduak piztu duen interesa ere agerian geratu da: sarrerak eskuragarri jarri eta 20 minutura agortu ziren. Partida Madrilgo Udalak eta Madrilgo Pilota Federazioak urriaren 3 eta 4rako antolatutako pilota erakustaldien programaren barruan jokatuko da.

Emakume pilotarien historia luzea Madrilen

Beti Jai 1894an inauguratu zen, Joaquín Rucoba arkitektoak diseinatuta, Madrilen euskal pilotak bizi zuen garairik oparoenetako batean. Baina Madrilen emakume pilotari profesionalen historia ere aspaldikoa da. 1917an debutatu zuten hirian lehen erraketistek, eta ondorengo hamarkadetan emakumezkoen pilota profesionalak indar handia hartu zuen Madrilgo frontoietan. Ehunka emakumek pilotatik profesionalki bizitzeko aukera izan zuten, emakumeen kirol profesionala ia existitzen ez zen garaian.

Erraketistek irekitako bidea hori gaur egungo emakume pilotarien historiaren ezinbesteko aurrekaria da. Ehun urte geroago, Ados Pilotako eskuzko pilotariek tradizio haren lekukoa hartuko dute Madrilen.

Ados Pilotaren bidean, beste urrats bat

Beti Jai pilotaleku historikoan jokatzea Ados Pilotak emakumezkoen esku pilota profesionalizatzeko egindako ibilbidearen beste urrats esanguratsu bat izanen da. Elkartearen helburuetako bat pilotariei lehiatzeko egitura, ikusgarritasuna eta profesional gisa garatzeko aukerak eskaintzea da, emakumeen pilota gero eta agertoki gehiagotara eramanez.

Azken urteotan, Ados Pilotak frontoi handietan ez ezik, herrietako plazetan eta pilotarekin lotura berezia duten espazioetan ere jarri ditu emakume pilotari profesionalak protagonista. Plazaz Plaza txapelketa filosofia horren adibide da: pilota frontoitik atera, herrietara hurbildu eta emakume pilotariei bestelako agertokiak irekitzea.

Orain, Plazaz Plaza finaleko bi bikoteak Madrilera iritsiko dira. Baina oraingo honetan errebantxa bera baino handiagoa izango da jokoan dagoena. Iragana eta oraina frontoi berean elkartuko dira. 1894an pilotarentzat eraikitako espazio batean, gaur egungo emakumezkoen esku pilotari profesionalek euren lekua hartuko dute.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun