Egun batean, norbaitek erabaki zuen bizitza oso batek etxe horrek merkatuan duen balioak baino gutxiago balio zuela.
Mari Carmen etxetik atera zuten, 87 urterekin, 71 urte bertan eman ondoren. Ez zuten etxe batetik bakarrik kanporatu; bere mundutik ere bai.
Hori da min ematen duena.
Agian arazoa ez dago soilik etxebizitzari begiratzeko moduan, baizik eta balio-eskala hori posible egin, legitimatu eta, behar denean, indarrez betearazten duen egitura osoan. Eta normalizazio hori esaldi batean laburbil daiteke: «Estoy haciendo mi trabajo».
Esaldiaren gordintasuna ez dago esandakoan soilik, normaltasun osoz esan ahal izatean baizik. Lana da. Betebeharra da. Ordena da. Eta logika hori hain barneratuta daukagu, non askotan ez baitugu zalantzan jarri ere egiten.
Hor agertzen da poliziaren inguruko galdera deserosoena: zer babesten du bere esku-hartzeak?
Polizia ez da sistema honetatik kanpo dagoen tresna neutral bat; haren engranajearen parte da. Jabetzan eta kapitalean oinarritutako egiturak indarra behar duenean, han agertzen da. Ez dator gatazka desagerraraztera, ezarritako ordena bere horretan mantentzera baizik.
Ez da desberdintasunen aurrean kanpotik begiratzen duen erakunde bat: desberdintasun horiek posible egiten dituen egituraren parte da, eta ordena hori zalantzan jartzen denean, berriz ezartzeko indarra du.
Auzoko bizilagunaren atea jotzen dugunean, askotan azukrea eskatzeko, gutun bat irakurtzen laguntzeko edo, besterik gabe, bost minutuz hitz egiteko izaten da. Komunitate baten parte garelako.
Poliziak atea jotzen duenean, ordea, ez da egun on esatera etortzen. Betebehar bat gauzatzera dator, eta atea irekitzen ez bada, indarrez irekitzeko ahalmena du. Eta herri honetan ondo dakigu zer esan nahi duen horrek.
Horregatik, arazoa ez da soilik agente batek indarkeria gehiegi erabiltzen duen ala ez. Sakonagoko zerbait da: indarkeria bera eguneroko funtzionamenduaren mekanismo bihurtzea, normaltzat hartzea eta «lana» deitzea.
Agian segurtasuna ere alderantziz ulertzen ari gara. Segurtasuna ez da estatuak aginduak betearazi eta ezarritako ordena mantentzeko duen gaitasuna. Segurtasuna da 87 urterekin inork zure etxeko atea botako ez duela jakitea. Segurtasuna da auzoan zahartu ahal izatea, behar duzunean inguruan norbait izango duzula jakinda. Eta bai, segurtasuna ere bada, Santurtziko kaleetan Anderri gertatutakoa beste inori berriz ez gertatzea.
Eta, inoiz galdetu diogu geure buruari ea zer defendatu nahi dugun: jabetzaren logika ala bizitzarena?