39 urteko leitzar gaztea da Dani Alvarez Zabaleta. Umetatik kirola izan da bere afizio nagusia: «futbola eta pilota batez ere, nahiz eta orain bizikleta egiten dudan gehien». Argi dio: «Aire librean eta lagunartean egin daitezkeen kirolak» dituela maite. Bizikleta gainean, «aldapan behera» gozatzen du gehien, «jaisteko momentuan, adrenalina, kontrola eta mantendu behar den kontzentrazio hori oso gustuko dut, momentua eta oraina bizi ditut une horietan». Badaki, ordea, jaisteko lehenbizi igo egin behar izaten dela eta horretan ere gustura aritzen da: «Askotan erronka bezala hartu eta sufritzen gozatu egiten da».
Mendiko bizikleta, beretzat «terapia» dela aitortu du: «Txantxa moduan esaten dut, baina egia da. Gure parajeetaz gozatzeko aukera ematen dit, laneko estresetik ihes egiten laguntzen dit eta sasoian egoteko modua ere bada».
Bizikletaren aitzakian hainbat txoko ezagutu ditu, baina urrutira joan gabe, «bertatik bertara, txoko ikusgarriak» daudela nabarmendu du. Badu denen artean bereziki gomendatuko lukeen itzuli bat: «Leitzulia martxako ibilbidea gomendatuko nuke, maila edozein dela ere aproposa delako. Trenbidetik Leitzalarrera igo, hori zeharkatuz Petriketako kaskora igoera, handik Basakabira jaitsi eta Idiazabal zeharkatuz Aritz mendira. Gero, Oringo iturritik barrena Uitziko gainera atera eta azkenik, Guratz igo ondoren Okabiotik barrena Leitzako herrira».
Mendira joaten denetan, ez da bakarrik izaten: «Leitzan bada mendi bizikletan ibiltzen den kuadrillatxoa». Duela urte batzuk Mendibil BTT taldea sortu zuten: «Aurrera Kirol Elkarteko komisio bezala sortu zen taldea eta ateraldi asko egiten hasi ziren, baita beste herri batzuetako martxetara joaten ere. Besteak beste, Leitzulia egitera ausartu ziren». Urteak aurrera joan ahala, ordea, gauzak zertxobait aldatu direla dio: «Modalitate berriak edo moda berriak etorri dira eta orain Enduroa dago puri-purian». Hala sortu dute Leitza MTB taldea: «Mendibil Btt taldean belaunaldi berriak sartzen joan garen heinean, Leitza MTBra pasa gara». Eta ez dira geldirik egon: «Leitzuliarekin segi, Txikipest umeen martxa bat antolatu, nesken KDD, bizikleta gidatzeko ikastaroak eta orain LeitzEnduro martxa». Ez hori bakarrik, «pandemia ondoren, txenda zaharrak berreskuratzen hasi» zirela ere azaldu du: «Lan asko egin dugu. 15 txenda dauzkagu eginak eta Trailforks aplikazioan erregistratuta. Nafarroako Gobernuarekin harremanetan gaude txenda horietako batzuk izaera ofiziala izan dezaten».
«Guk egindako lanarekin, gazteen artean mendi bizikletarako afizioa sortzea nahi genuke»
Lanean segitzeko asmoa dute: «Orbeako Trail-tales fundazioari gure proiektua erakutsi ondoren eman ziguten laguntzari esker, tresneria eta 4x4 ibilgailu bat erosteko aukera izan dugu. Leitzako Udalaren laguntza ere izan dugu eta horrek lanean segitzeko indar handia eta ilusioa eman dizkigu». Helburu argia dute: «gure ametsa, lan honekin herriko gazteei afizioa sortzea da».
LeitzEnduro
Irailaren 26an eginen dute LeitzEnduro martxak emanen du horretarako aukera: «Leitzulia beharrean, LeitzEnduro proba antolatu dugu aurten lehenbizikoz. Enduro modalitatea goraka doa eta Leitza horretarako leku aproposa da. Txandakatuz ibiltzeko asmoa dugu aurrera begira, hurrengo urtean berriro ere Leitzulia izanen da bueltan». Leitzako plazan goizeko bederatzietan izanen da irteera eta aukeran bi ibilaldi izanen dituzte: «Ibilaldi motzak 25 kilometro ditu eta 1.100 metroko gainbehera positiboa; luzeak, 32 kilometro eta 1.500 metroko gainbehera positiboa». Martxa bat da eta ez dute lehia sustatu nahi, baina giroa sortu bai, «jaitsiera bat kronometratua izanen da, baina nahiz eta kronometratua izan, nahi duena bere erritmoan jaitsi daiteke. Ondoren plazan kategoria bakoitzeko podiuma izanen da». Ez da hor bukatuko festa, «opariak, pintxoak eta edariak ere banatuko ditugu parte hartzaileen artean». Norbait zalantzan badago, gonbidapena luzatzeko baliatu du aukera: «izena ematea irekita dago eta anima zaitezte!».