Eskoletxeko erabilera sustatu bidenabar, arauak zeintzuk diren gogorarazi du Aresoko Udalak

Ttipi-Ttapa

81 herritarrek eskatua dute Eskoletxea erabili ahal izateko beharrezkoa den giltza elektronikoa

Herriko espazioak herritarren eskura jartzea. Horixe izan da Aresoko Udalak egin duen apustua: «Alferrik dugu eraikin bat, gero inork erabiltzen ez badu. Eskura ditugun txokoei bizia eman behar diegu». Urteak eman dituzte herritarrei Eskoletxeko liburutegia, ikus-entzunezko gela eta bilera gela erabiltzeko aukera eskaini nahian eta azkenean lortu dute modua. Ekainean sarbide elektronikoak jarri zituzten eta interesa dutenen artean dagoeneko banatu dituzte sartu-irtenak kontrolatzen dituzten giltza elektronikoak. Denera, 81 herritarrek egin zuten eskaera. Izan dira udan zehar dagoeneko espazioa erabili dutenak, baina ikasturtea hasita erabilera sustatu nahi du udalak. 

Funtzionamendua erraza da. Eskoletxera sartu nahi duen orok giltza elektroniko hori erabili beharko du. Kiroldegietan egiten den bezala, sarbidea pertsonako izango da eta sartzeko giltza beharko da. Haurren kasuan, hamar urtetik beherakoek gurasoekin sartu beharko dute. Astez, eskola garaian 15:30etik 20:30era izango da Eskoletxea erabiltzeko aukera. Asteburu eta jai egunetan erabilera librea izango da, baina 10:00etatik 00:00etara egonen da erabilgarri. Dena den, Eskoletxean deialdiren bat baldin badago egun horretan ezingo da erabili.

Erabilera arauak

Eskoletxea behar bezala zaintzea denon ardura dela ere gogorarazi du udalak. Materialak zaintzea eta erabili ondotik dagokion tokian uztea, giro lasaia mantentzea, errespetuzko jarrera izatea... ezinbestekoa izango da. Eskoletxean ezingo da ez jan ezta edan ere, eta bertako materiala ezingo da etxera eraman. Bide batez, etxean erabili ez eta egoera onean dauden jokoak eta liburuak eskoletxera eramateko deialdia ere egin du udalak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun