Leitzako plaza bete da 'Agur, joan da nere soñue' antzezlanaren estreinaldian

Ttipi-Ttapa

Txistu doinuei segika, Leitzako historian 100 urte atzera egiteko aukera izan zuten larunbatean Leitzako plazan elkartu ziren ikusleek.  80 herritar baino gehiagok parte hartu zuten antzezlanean: batzuk jendaurrean, besteak sukaldeko lanean. Elkarrekin erakutsi zuten, gauza ederrak egin daitezkeela auzolanean. 

Itxura ederra zuen Leitzako plazak irailaren 12ko ilunbarrean. Emanaldia hasi baino ordu eta erdi lehenago jendea hasia zen hurbiltzen eta erlojuak bederatzi eta erdiak eman zituenerako, beteak ziren plazako izkina guztiak. Gogotsu zeuden Agur, joan da nere soñue antzezlana ikusteko eta bukaerako txalo zaparradarekin eskertu zuten hilabetetako lana.
Antzezlana zuzeneko musikak, dantzak, bertsoek... osatu zuten eta ikusleen emozioak dantzan jarri eta barre algarak zein malkoak, ateratzeko gai izan ziren aktoreak.
 

Leitzan duela 100 urte gertatutako istorioa hartu dute oinarri antzezlanean. 1926an Hilario Olazaran musikagile eta fraile kaputxinoak, Leitzako Ingurutxoa ikusi zuen plazan, eta dantza honekin guztiz liluratuta liburu bat eskaini zion. Bertan, Ebaristo Elduayen txistulariari adituz, Ingurutxoko doinu guztiak partituretan jaso zituen. Ordurarte belaunaldiz belaunaldi belarriz transmititu ziren doinuak lehenengoz partituretan jasota gelditu ziren. Bost urte beranduago Ebaristo Elduayen txistularia Plazaolako trenak harrapatuta hil zen. Antzezlanean, txistuaren eta Leitzako musika doinuen transmisioa eta herritarren elkartasuna nabarmendu zituzten. Horrekin batera, hainbatetan isilpean gorde izan den historiaren zati bat ere ikusarazi zuten: Marikruz Zabaletaren, Ebaristoren alargunaren istorioari tokia eginez.

Proiektua, gidoia eta zuzendari lanak Miel Mari Elosegik egin zituen. Musikaz Leire Retegi arduratu zen, koru zuzendaritzaz Vinaixa Gartzia, dantzaz Miel Olano eta atrezzo arduradunak Okille tailerra eta LHL taldea izan ziren. Leitzako hainbat taldek parte hartu zuten antzezlanean: Xagu antzerki taldeak, Leitzako dantzari eta txistulari taldeak, Jeiki abesbatzak, Leitzako Iñauterietako musika Bandak, LHL taldeak eta Okille tailerrak. Azpimarratu behar da, inklusioaren alde eginez, egoera zaurgarrian dauden pertsonek paper garrantzitsua izan zutela antzezlanean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun